Politika -
Andaluzia
PP, Ciudadanos eta Vox ados jarrita, eskuinak gobernatuko du Andaluzian
Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek elkarrekin gobernatzeko ituna egin dute, eta Voxek Andaluziako presidente berria Juanma Moreno (PP) izatea ahalbidetuko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek Andaluzian gobernatzeko ituna egin dute, eta Voxek akordio hori babestuko du inbestidura-saioan. Hortaz, Juanma Moreno PPko hautagaia izango da Andaluziako presidente berria.
Ituna Andaluziako Parlamentuan sinatu dute. Alde batean, Juanma Moreno eta Teodoro Garcia Egea PPko buruzagiak izan dira, eta bestean, Ciudadanoseko Juan Marin eta Jose Manuel Villegas.
Ciudadanosekin koalizio gobernua osatzeko ituna eginda, Alderdi Popularrak beste akordio bat egin du Voxekin eta, ondorioz, Juanma Moreno alderdi ultraeskuindarraren botoei esker izango da Andaluziako presidente berria.
Ciudadanosek azpimarratu du ez dela hiruko akordiorik izan, PPk eta Voxek egindakoa beste itun bat dela zehaztu nahi izan dute.
Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek lortutako akordioaren arabera, bi alderdiek koalizio gobernua osatuko dute. Juanma Moreno izango da presidentea eta Juan Marin presidenteordea. Gobernu berriak kontseilaritza gutxiago izango ditu –egun 13 dauzka-, egitura bi alderdien artean zehaztuko dute eta lehentasuna hitzartutako 90 neurriak indarrean jartzea izango da.
"Aldaketa agindu genuen eta aldaketa ekarri dugu Andaluziara", adierazi du Marinek komunikabideen aurrean egindako agerraldian. Gaurkoa "egun historikoa" dela esan du, 36 urtez jarraian boterean egon ostean, PSOE oposizioan egongo delako aurrerantzean.
Gobernuaren egitura eta sailburuak nortzuk izango diren aurrerago erabakiko dutela azaldu du. "Presidente izendatu ostean izango da hori", zehaztu du Marinek.
Juanma Moreno presidentegaiak nabarmendu du Andaluziako Gobernu berria "oinarri sendoarekin" jaio dela eta "elkarrizketaren aldeko Gobernua" izango dela. Ildo horretan, talde parlamentario guztiekin negoziatu beharko duela esan du, baita Voxekin ere.
Legegintzaldia agortuko dutela agindu du, eta 2019ko Aurrekontua onartzeko "oinarri nahikoa" badagoela adierazi du.
"Pozik egoteko eguna da; historia egin dugu, Alderdi Sozialistaren 40 urteetako monopolioa amaitu baita", azpimarratu du.
Ciudadanosi eta Voxi esker ona adierazi die, eta negoziazioan hiru alderdiek zerbaiti uko egin behar izan diotela aitortu du, "aldaketa gauzatu ahal izateko".
Bestalde, Alderdi Popularrak eta Voxek egin duten akordioak 37 neurri biltzen ditu. Besteak beste, Familiaren Kontseilaritza sortzea eta Memoria Historikoaren Legea Konkordia Legeagatik ordezkatzea.
Halaber, "migratzaileak erakar ditzaketen erabakiak saihestea" adostu dute.
Bestalde, Emakumeen aurkako Indarkeriaren legea, LGTBI legea eta Berdintasun Legea baliogabetzeari buruz ez dute ezer jaso itun horretan, Santiago Abascal buruzagi ultraeskuindarrak hala iragarri bazuen ere.