Politika -
Amurrioko erasoa
Ertzaintzak Amurrioko polizia ohiaren etxea miatu du
Munizioa topatu dute erasoaren ustezko egilearen etxean, baina pistolarik ez. Ertzaintzak oraingoz ez du inor atxilotu gertakari honekin lotuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Amurrioko ezker abertzalearekin lotutako familiaren kontrako erasoaren ustezko egilea erretiroa hartuta dagoen polizia nazional bat da, udalerri horretako bizilaguna.
EFE agentziak ikerketaren iturriak aipatuta zabaldu duenez, Ertzaintzak susmagarriaren etxebizitza miatu eta munizioa aurkitu du, baina ez pistolarik.
Polizia ohiak ukatu egin du erasoarekin zerikusirik izatea. Ertzaintzak identifikatu egin du, baina oraingoz ez dute atxilotu.
Iturri horien arabera, erretiroa hartu zuenean entregatu egin zuen bere arma, baina segurtasun indarretako kideek beste arma bat ere izan dezaketela eta, baimena eskatuz gero, bigarren arma hori erretiroa hartu ondoren ere izaten jarrai dezaketela gaineratu dute.
Erasoa igandean gertatu zen. Erasotzaileak etxeko leiho baten kontra egin zuen tiro. Une horretan jendea zegoen barruan, baina, zorionez, ez zen inor zauritu.
Amurrioko Udalak, aho batez, erasoa gaitzetsi du eta familiari babesa adierazi dio. Arratsaldean, elkarretaratzea egin dute, eta han izan dira alderdi guztietako ordezkariak. Iluntzean, Sortuk deituta, manifestazioa izan da herrian, 'Faxistak ez dira pasako. Euskal Herria aurrera!' lelopean.