Politika -
Erasoa
Amurrioko ezker abertzaleko familia baten baserriaren aurka tiro egin dute
Ertzaintzak inguruan bizi den polizia ohi bat identifikatu du erasoarekin lotura izan dezakeelakoan. Alabaina, oraingoz, ez dute inor atxilotu.
EITB.EUS
Ezker abertzaleko familia baten baserriaren aurka tiro egin zuten igandean, Amurrion (Araba). Ertzaintzak ikerketa bat ireki du eta gizonezko bat identifikatu du gertakariarekin lotura duelakoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Oraindik, baina, ez dute inor atxilotu.
Gertakariak atzo 11:00ak aldera jazo ziren, Lezamako kontzejuan kokatutako baserri batean. Zorionez, eta etxean bikotea eta euren semea zeuden arren, ez zen inor zauritu.
ETBri gaur kontatu diotenez, zarata bat entzun zuten, baina hasieran ez zioten aparteko garrantzirik eman, leihoa zulatuta ikusi zuten arte. Zer gertatzen zen ikustera atera zirenean, inguruan bizi den gizon bat ikusi zuten, polizia ohia. Ertzaintzak gizona identifikatu du eta erasoarekin loturarik duen ikertzen ari da.
aiaraldea.eus webguneak azaldu duenez, bederatzi milimetroko bala sukaldeko leihotik sartu zen. Baserriaren jabeek -Amurrioko ezker abertzaleko familia ezagun bat- salaketa jarri dute. Aita Sortuko kidea da, eta alaba, Ernai gazte erakundekoa. Leihoan euskal presoen eskubideen aldeko ikur bat zeukaten eskegita.
Lekukoek Aiaraldeko hedabideari esan diotenez, ez da posible tiroa ehiztari batek egitea edo familia liskarren ondorio izatea.
Ertzaintzaren arabera, berriz, "hipotesi guztiak" irekita daude.
Sortuk "isiltasuna" eta "pasibotasuna" salatu ditu
Amurrioko erasoa "oso larria" izan dela eta, hala ere, hainbat komunikabide eta alderdi politiko "isilik" geratu direla salatu du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak arratsalde honetan Donostian egin duen agerraldian.
Halaber, segurtasun indarren eta epaileen jarrera ere salatu du, ustezko egilea identifikatu dute arren, haren aurka inolako neurrik hartu ez dutelako. "Pasibotasunez" aritzea eta, kasuaren arabera, jokabide ezberdina izatea leporatu die.
"Zer gertatuko litzateke kontrakoa izango balitz? Zer gertatuko litzateke tiroa leihoan Espainiako bandera duen etxebizitza baten aurka egin izan balitz?", galdetu du.
Rodriguzen esanetan, Amurrioko gertakariaren atzean "inkontrolatu bat" dago, baina eraso hori testuinguru zehatz batean jazo dela azpimarratu du. "Demokrazia inboluzioan dago eta Estatua indarkeria erabiltzen ari da, Euskal Herriarentzat eta Kataluniarentzat eskaintza demokratikorik ez duelako", azaldu du.
Era berean, Alderdi Popularra, Ciudadanos eta Vox izaten ari diren jarrera salatu du. "Hiru etsai sortu dituzte: Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoa, emakumeak eta migratzaileak".
"Arazoa ez da Vox. Arazoa PP, Ciudadanos eta Vox dira. Hiru alderdi horiek sortu duten egoerak ahalbidetu du atzoko moduko erasoak gertatzea eta errepikatzea", nabarmendu du.
Erasoa salatzeko eta kaltetutako familiari babesa adierazteko, Sortuk manifestazioa deitu du astearte honetan, 19:00etan, Amurrion.
BIDEOA | Arkaitz Rodriguez: "Gure babesa agertu nahi diogu Amurrioko familiari"