Politika -
Elkarrizketa
Macazaga: 'Osakidetzako zerbitzuburu batzuek sailburuak baino botere handiagoa dute'
Cristina Macazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearen hitzetan, Osakidetzako bigarren kargudun baten dimisioa “espero zen heriotza” zen. Arduradun nagusia Darpon sailburua dela errepikatu du.
eitb.eus
“Erantzukizun politikoa Darpon sailburuarena da, gertatutakoa argitzeko ezer egin ez duelako”, adierazi du Cristina Macazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, Juan Carlos Soto Osakidetzako Giza Baliabide zuzendariak dimisioa eman ondoren. Duela bi hilabete Osakidetzako zuzendari nagusiak dimisioa eman zuen.
Zentzu horretan, ostiral honetako erabakia “espero zen heriotza” bat dela uste du Macazagak. Osasun Saileko “ustelkeriaren aurka borroka egingo dugu”, erantsi du. Koalizio moreko ordezkariaren ahotan, “Osakidetzako zerbitzuburu batzuek sailburuak berak baino botere handiagoa dute”. “Jendea hitz egiteko beldur da”, azpimarratu duenez, “hitz egiten dutenak ausartak dira ala dagoeneko sistematik at daude”.
Iñigo Urkulluren “euskal mikroklima politikoa ez dago klima-aldaketatik eta hodei beltzetatik salbu”, nabarmendu du Macazagak. “Ezin dugu etsi”, gaineratu duenez. “Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna ez zuen aipatu”, esan du urte bukaerako hitzaldiari buruz. “EAJrekin akordioetara heldu ahal izateko, jeltzaleek 180 graduko norabide aldaketa eman behar dute”, azaldu du Macazagak. “Eskuinen artean diru-sarrerak bermatzeko errentaren inguruko akordio bat lortzea erraza da, baina negoziatzeko prest gaude”, adierazi du.
Bestalde, Manadako zigortuek aske jarraitzea “ez du ulertzen”. Radio Euskadiko Boulevard irratsaioan indarkeria matxistaz ere mintzatu da. “Eztabaida hartzen ari den itxura kezkagarria da”, ohartarazi du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. “VOXek Ciudadanosek eta PPk lagunduta ekarri du eztabaida, antzeko diskurtsoa dutelako”, salatu du.
Azkenik, Borja Semper Euskadiko PPren bozeramaileari ostegunean egindako elkarrizketa hizpide izan du koalizio moreko ordezkariak. “Berdintasun politiketan inbertsioa areagotzearen aurka bozkatu duzue”, aurpegiratu dio Macazagak Semperri. Berdintasun politiketan inbertsioa areagotzearen aldeko apustua egiten du Elkarrekin Podemosek, 14 euro per capitatik 25era, azaldu duenez. “Politikek mugimendu feminista eta adituak entzun behar dituzte”, gogorarazi du.