Politika -

Presoak

Preso gaixoentzako protokolo berriak salbuespenik ez egitea eskatu du Jaurlaritzak

Jonan Fernandezek eskatu du gaixorik dauden presoak askatzeko protokoloa aplikatzeko oinarriak “berdintasuna eta diskrimiaziorik eza izan daitezela”.

Instrukzio berriaren ardatza "berdintasuna" izatea eskatu du Giza Eskubideen idazkari nagusiak
Jonan Fernandez
Instrukzio berriaren ardatza "berdintasuna" izatea eskatu du Giza Eskubideen idazkari nagusiak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusiak eskatu du ez dezatela salbuespenik egin Espainiako Barne Ministerioak gaixorik dauden presoentzat prestatu duen protokolo berria aplikatzeko orduan eta horren oinarriak berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak izan daitezela.

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak hala erabakita, protokolo berri bat ezarriko dute, askatasuna kentzeko zigorretan “humanitatea” kontuan hartuko duena, betiere epaileen kontrolpean, eta horri erantzuteko hartu du hitza Fernandezek.

“Humanitatearen printzipioa espetxe politika demokratiko batean oinarrietako bat izan behar da”, esan du Fernandezek, eta baieztatu du Eusko Jaurlaritza bat datorrela protokolo berriak gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik ateratzeari dagokionez adierazten duen irizpide aldaketarekin.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkariaren ustez, zuzentarau berria “inoiz indarrean egon behar izan ez zen aurreko instrukzio ankerra zuzentzera dator”. Aurreko hori PPk jaso zuen 2017an, eta hilurren zeuden presoak soilik askatzea onartzen zuen.

Fernandezen hitzetan, Eusko Jaurlaritzak espero du irizpide humanitario hori salbuespenik gabe gauzatzea, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioetan oinarrituta”.

“Giza eskubideei dagokio”, EAJren aburuz

Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Radio Euskadin esan duenez, protokoloa “giza eskubideen kontuari dagokio”, eta “preso guztiak hartu behar ditu bere gain”, Eduardo Zaplana ministro ohia ere.

“Bete behar diren eta aurreko Gobernu batzuek bete ez dituzten nazioarteko zuzentarauetatik gertuago dago”, erantsi du.

Zaplanaren kasua “egunotan oihartzun handiena izan duena da”, baina “beste preso asko daude osasun egoera larrietan”, esan du Atutxak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza berriak Presoak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Espetxeen azken ordukoa