Politika -
ESPETXE POLITIKA
Presoen hurbilketa 'azkartzeko' eskatu dio Sortuk PSOEri
Gobernura iristean "espetxe politika berri bat" aplikatuko zutela esan eta sei hilabete igaro direnean, "soilik 10 hurbilketa" egin dituztela, eta "bakar bat ere ez Euskal Herria" salatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak legea aplikatzeko eta presoak libre uzteko eskatu du gaur berriz ere. PSOEri hurbilketa "azkartzeko" esan dio, "euskal gizartearen %80 eta Kongresuaren gehiengoa espetxe politika berri baten alde baitaude".
Donostian, Martuteneko espetxearen aurrean ekitaldia egin du gaur 'Kalera kalera' ekimenak "Bada garaia, presoak kalera" lelopean, eta bertan egin ditu adierazpen horiek Rodriguezek.
Ehunka lagunek hartu dute parte ekimenean. Tartean ziren, besteak beste, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagia, Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia eta Jose Antonio López Ruiz Kubati Sortuko presoen batzordeko arduraduna
Preso katalanei erreferentzia eginez hasi du hitzaldia Rodriguez, eta ondoren, PSOE ez dela esandakoa betetzen ari salatu du: "espetxe politika berri bat aplikatuko zutela esanez iritsi ziren Gobernura, eta sei hilabete pasata, 16 hurbilketa iragarri dituzte, eta benetan, 10 hurbilketa izan dira eta bakar bat ere ez Euskal Herrira, gainera".
"Salbuespeneko politikarekin amaitzeko eta zeharka begiratzeari uzteko" ere eskatu du: "Edo gehiengoarekin daude, demokratekin, bakearekin, edo bakearen etsaiekin".
Sortuko idazkari nagusiak txalotu egin du Iruñean Sare herritar sareak atzo egindako ekintza. Ziega bat irudikatzen zuen instalazioa jarri zuten presoak nola bizi diren erakusteko. Ekimen hori gogor kritikatu zuten UPNko eta PPNko ordezkariek eta hainbat biktimen elkartek. Horiei erantzunez, Rodriguezek esan du onartezina dela "nazioarteko legediaren eta Espainiako legediaren kontra doan espetxe-politika bat defendatzea", eta "ETAk bere jarduna utzi eta 7 urtera presoek espetxean jarraitzea".
Hala, Legea betetzeko eskatu dio Rodriguezek Espainiako Gobernuari: "Gaixotasun larriak dituzten presoak eta 70 urtetik gorakoak ez lituzkete hurbildu behar, libre utzi baizik eta gauza bera "zigorraren hiru laurdenak bete dituztenekin ere, hori baita Legeak dioena" esan du.