Politika -

Andaluzia

Marta Bosquet (Cs) izendatu dute Andaluziako Parlamentuko presidente

Aldaketa gauzatu da Andaluziako Parlamentuan: Alderdi Popularrak, Ciudadanosek eta Voxek gehiengoa dute eta PSOE oposizioan egongo da, 36 urtez boterean egon eta gero.

Marta Bosquet Andaluziako Parlamentuko presidente berria. Argazkia: EFE
Marta Bosquet Andaluziako Parlamentuko presidente berria.
Marta Bosquet (Ciudadanos), Andaluziako Parlamentuko Mahaiko presidentea

1:29

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andaluziako Parlamentuak eskuinera joko du legegintzaldi berrian. Alderdi Popularrak, Ciudadanosek eta Voxek gehiengoa dute eta PSOE oposizioan izango da, 36 urtez boterean egon eta gero.

Abenduaren 2an egindako hauteskundeetan, eskuineko alderdiak gailendu ziren eta gehiengo hori baliatu nahi dute Alderdi Sozialista Andaluziako Gobernutik kentzeko.

Atzo, Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek elkarrekin gobernatzeko ituna iragarri zuten eta, gaur, Voxen babesarekin, lehendabiziko aldaketa gauzatu dute Parlamentuan, Marta Bosquet Ciudadanoseko diputatua aukeratu baitute Ganberako presidente.

Bigarren aldaketa Parlamentuko Mahaiaren osaketan eman da. Organo horretan ere eskuina izango da nagusi: PPk eta Ciudadanosek bina ordezkari izango dituzte; Voxek bakarra; eta PSOEk bi. Podemosek eta IUk osatzen duten Adelante Andalucia koalizioa, berriz, Mahaitik kanpo geratu da, Voxek baino diputatu gehiago izan arren.

Parlamentua osatuta, Andaluziako Gobernuko presidentea izendatzea izango da hurrengo urratsa.

Alderdi Popularrak eta Ciudanosek egindako ituna aintzat hartuta eta azken orduko ezustekorik ezean, Juanma Moreno Bonilla PPko hautagaia izango da Andaluziako gobernuburu berria. Horretarako, baina, Voxeko 12 diputatuen botoak beharko ditu Morenok.

Andaluziako Parlamentuan gehiengo absolutua 55 eserlekutan dago. PPk, Ciudadanosek eta Voxek 59 ordezkari dituzte; PSOEk eta Adelante Andaluciak bat egingo balute, 50 eserleku izango lituzkete.

Alderdi Popularraren asmoak ezustean porrot egingo balu, Susana Diaz inbestidura saiora aurkeztuko litzateke, hauteskundeak irabazi baitzituen. Nolanahi ere, oraingoz oposizioan izango dela adierazi du.

Datozen egunetan Gobernuaren osaketa negoziatu eta adostuko dute PPk eta Ciudadanosek. Aurreikuspenaren arabera, koalizio gobernua izango da, Juanma Morenok zuzenduko du eta hamabi kontseilaritzak bi alderdien artean banatuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Politika PP Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Vox