Politika -
Manifestazioa
Presoen askatasuna eta sakabanaketaren amaiera aldarrikatu du Kalera Kalerak Iruñean
Presoak eta errefuxiatuak etxean eta senitartekoen alboan egoteko garaia dela aldarrikatu dute Itxaso Torregrosak eta Iker Araguasek, manifestazioa bukatutakoan irakurritako manifestuaren bidez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jendetsua izan da Kalera Kalera ekimenak (Sortu, LAB eta Ernai) presoen askatasunaren alde eta sakabanaketa politikaren aurka larunbat honetan Iruñean egin duen manifestazioa.
18:15 aldera, Nafarroako hiriburuko leku ezberdinetatik hiru talde atera dira Askatasuna, Elkartasuna eta Duintasuna mezuak lagun. Geroago, autobus geltoki zaharrean elkartu dira hiru talde horiek.
Handik, 18:45ean, martxari ekin diote, presoen eta haiek kartzelaratuta dauden espetxeen izenak zituzten kartelen artean.
Atzetik, hainbat manifestari joan dira Presoak Kalera leloa zeukan pankarta erraldoi batekin. Hain zuzen ere, Nafarroa Behereko etorbidea zeharkatu dute lehenik, Karlos III. Noblearen etorbidera iritsi arte. Manifestazioa udaletxe parean bukatu da. Han, Itxaso Torregrosak eta Iker Araguasek manifestua irakurri dute Kalera Kalera ekimenaren izenean: "Bada garaia presoak eta errefuxiatuak etxeratzeko", aldarrikatu dute.
Ildo horretan, baieztatu dute helburua dela berandu baino lehen Euskal Herrian gizartearen zerbitzura egongo den Errepublika aldarrikatzea, "Borboien erresuma espainiarretik, ustelkeriatik, azpijokoaren babesetik eta Ibex 35etik at eta Armadaren eta Guardia Zibilaren inposatzetik urrun".
Kalera Kalerako ordezkarien esanetan, "bide horretan, bidelagunak falta ditugu".
Horren harira, Torregrosak eta Araguasek gogor kritikatu dute "Estatu espainiarrak presoekin duen jokabidea", eta gogora ekarri dute oraindik 264 direla sakabanatuta dauden presoak.
Azkenik, kalera ateratzeko deia egin dute eta urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan Orain Presoak lelopean egingo dituzten manifestazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Kalera kalera ekimenaren martxa Zaballako espetxera
Bestalde, gaur goizean hainbat lagunek parte hartu dute Zaballako kartzelara egindako martxan.