Politika -
Ministro Kontseilua
12 atxilotu, 50 bat zauritu eta CDRen aurkako kargak, Katalunian protagonista
Pedro Sanchezen eta haren gobernukideen bisitak ezinegona eragin du Katalunian. Independentistak kalera atera dira protesta egitera, eta Bartzelona mobilizazioen epizentroa izan da goiz osoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Tentsioa izan da nagusi goiz osoan zehar Bartzelonan, Kontseilu Ministroa egin duten lekutik gertu dauden kaleetan, batez ere. Independentisten protestak, CDRen ekintzak eta Esquadra Mossoen kargak direla eta, hamabi lagun atxilotu eta, gutxienez, 50 pertsona zauritu dituzte.
Pedro Sanchezek eta haren gobernukideek Bartzelonara egindako bisitak ezinegona eragin du, beraz, Kataluniako hainbat tokitan. Bartzelonan, esaterako, independentisten eta agenteen arteko istiluak etengabeak izan dira, goizeko lehenengo ordutik.
15:00etan, baina, Mossoek bukatutzat eman dituzte mobilizazioen kariaz ezarritako neurri bereziak. Esan bezala, aurretik, DCR Errepublikaren defentsarako batzordeek hainbat errepide itxi dituzte.
Istilu nagusiak Bartzelona erdigunetik hurbil jazo dira. CDReko hainbat kide Llotja de Marrera (Ministro Kontseilua egin duten lekua) zuzendu dira, polizia-lerroari iskin eginda.
Gainera, Drassanes eta Paral.lel inguruetan, hesiak, harriak eta pintura jaurti dituzte. Horri erantzunez, poliziek hainbat karga burutu dituzte. Guztira, zazpi lagun atxilotu dituzte une horretan.
Bestalde, hamabost pertsona zauritu dituzte (inor ez dago egoera larrian), tartean lau Esquadra Mosso.
Ministro Kontseilua, Bartzelonan, segurtasun neurri zorrotzen artean
Bartzelonan ostiral honetan egin duten Ministro Kontseiluen bilera segurtasun neurri zorrotzen artean abiatu dute. 10:10 aldera, Espainiako Gobernuko ordezkari guztiek ohiko argazkia egin dute, Kontseilua hasi aurretik. Esan bezala, ia ordubeteko atzerapenarekin ekin diote bilerari.
Lehenago, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Ala Colau Bartzelonako alkatearekin gosaldu du, Llotja de Marretik gertu. Hitzorduan, Manuel Vazquez Montalbanen Barcelones liburua oparitu dio Colauk, eta, besteak beste, inmigrazioari buruz hitz egin dute, Gobernuak jakinarazi duenez.
Sanchezek oinez egin du hoteletik Llotja de Marrerainoko bidea. Batzuek txalo artean hartu dute Espainiako presidentea; beste zenbaitek, aldiz, protesta egin dute haren aurka.
Gobernuak "normaltzat" jo ditu protestak, adierazpen demokratikoaren ondorio direlako. Gainera, gogora ekarri du beste hiri batzuetan ere mobilizatu izan direla: Sevillan eta Valladoliden, kasu.
Kalean ez ezik, hainbat eraikinetan independentziaren aldeko banderak, begizta horiak eta presoen askatasuna aldarrikatzen zuten pankartak ikusi dira.
Lorez hornitutako Espainiako bandera
Behin Llotjara (Kontseilua egin duten lekura) helduta, presidenteak eta ministroek agerraldia egin dute komunikabideen aurrean.
Hosto gorriz eta horiz osatutako lore-sortez inguratuta egin dute argazkia.