Politika -
KATALUNIA
CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek hainbat errepide itxi dituzte Katalunian
Goizeko bostetan hasi dira errepideak mozten, Espainiako Gobernuak Bartzelonan egingo duen Ministroen Kontseiluaren kontra protesta egiteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Egun korapilatsua aurreikusten da gaur Kataluniako errepideetan. CDR Errepublikaren defentsarako batzordeak hainbat errepide eta autobide itxi dituzte goizean goizetik Bartzelonan, Gironan, Lleidan eta Tarragonan, Espainiako Gobernuak Bartzelonan gaur egitekoa duen Ministroen Kontseilua arbuiatzeko.
CDRk deitutako protesta batean parte hartzen ari zen ekintzaile bat atxilotu dute Esquadra Mossoek, desordena publikoak eragitea leporatuta. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, lehergailu edo su-eragileren bat egiteko materiala atzeman diote atxilotuari.
Goizean, 07:30ean, 25 errepide zeuden itxita.
AP-7 autobidea hiru puntutan moztu dute: L'Ampollan (Tarragona), bi noranzkoetan; Sarria de Ter udalerrian (Girona), iparralderako noranzkoan; eta Sils (Girona) parean, Bartzelonarako noranzkoan.
Halaber, Bartzelonan Ronda de Dalt (B-20), hegoalderako noranzkoan; eta Ronda Litoral (B-10) errepidea, iparralderako noranzkoan.
Baita ere, A-2 errepidea itxi dute Alcarrasen (Lleida), bi noranzkoetan; B-23 errepidea Martorellen (Bartzelona), hegoalderako noranzkoan; C-25 errepidea Gironan, bi noranzkoetan; C-34 errepidea Gironan, bi noranzkoetan; eta N-II errepidea Gironan, bi noranzkoetan.
Esquadra Mossoek AP-2 autobideko Soseseko (Lleida) bidesariko langak altxatzea eskatu diote errepide horren kudeaketa daraman enpresari. Ez hori bakarrik, beste bide alternatibo bat zabaldu dute.
Errepide mozketak gorabehera, larrialdietako ibilgailuentzako bidea libre uztea eskatu du Babes Zibilak.
Bestalde, polizia dispositiboak Via Laietana eta Marquès de l'Argentera kaleak moztu ditu Bartzelonan, hain zuzen ere, Ministroen Kontseilua egingo den Llotja de Mar tokian.
Horrez gain, protestan ari direnek Bartzelonako Diagonal etorbidea eta Gran Via itxi dituzte.
Esquadra Mossoek Ministroen Kontseiluaren tokira gerturatzea eragotzi diete CDRei
Bartzelonan, Esquadra Mossoek Ministroen Kontseilua egingo den tokiaren (Llotja de Mar) ingurua hesitu eta itxi dute, CDRko ekintzaileei bertara gerturatzea eragotziz.
CDRen hiru zutabe abiatu dira 08:30ean Bartzelonako hiru toki ezberdinetatik. Parte-hartzaileetako asko beltzez jantzita zeuden eta aurpegia estalita zuten.
"Urriaren 1eko zutabea"k Via Laietana kaletik Llotja de Marrera joatea zuen helburu, baina esquadra mossoen segurtasun hesi batek geldiarazi ditu. Correos ondoko eraikineraino hurbiltzen utzi diete soilik.
"Gobernaezinak" izeneko zutabeak Portal Nou plazatik Llotja de Marrera arteko bidea egin behar zuen. Aitzitik, ekintzaileek esquadra mossoekin egin dute topo eta Paral·lel kalera arte atzera egin dute. Orduan, esquadra mossoek manifestarien kontra egin dute.
"Ez dira pasatuko" zutabea, ostera, Lluis Companys pasealekutik abiatu da Llotja de Mar aldera. Ondoren, hasierako ibilbidetik desbideratu eta Ronda Litoral kalera joan dira, bidea mozteko. Handik Palau plazara joan dira, baina ezin izan dute Llotja de Marrera gerturatu.