Politika -

Ustelkeria politikoa

Ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko lehen pausoa eman du Legebiltzarrak

EH Bilduren proposamenaren alde egin dute taldeek (PPk zuri bozkatu du). Orain lantaldean eztabaidatuko dute eta alderdi bakoitzak bere zuzenketak aurkeztuko ditu.

Eusko Legebiltzarra. EFEren artxiboko argazkia
Eusko Legebiltzarra, goitik ikusita.
Eusko Legebiltzarra. EFEren artxiboko argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Jardunbide egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko egindako proposamena aintzat hartzea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak.

Bulego horren egitekoa honakoa izango da: ustelkeria kasuak ikertzea, dagokion administrazioari edo Fiskaltzari jakinaraztea, eta bere jarduna "oztopatzen" duen oro zigortzea (90.000 euroko zigorrak aurreikusten dira).

Legebiltzarreko alderdi guztiek babestu dute ekimena, PP salbu (zuri bozkatu du). Hori horrela, proposamenak bere bidea jarraituko du Ganberan. Orain lantaldean eztabaidatuko dute eta alderdi bakoitzak bere zuzenketak aurkeztuko ditu.

90.000 eurorainoko zigorrak

EH Bilduk egindako proposamenaren arabera, bulegoak euskal erakunde publiko guztien eta horiekin lan egin duten enpresa eta erakundeen jarduna kontrolatuko du.

Erakunderen batek "laguntzen ez badu edo bulegoaren jarduna oztopatzen badu" zigorra ezar liezaioke bulegoak. 90.000 eurorainokoak aurreikusten dituzte, baita zigor administratibo eta penalak ere.

Nafarroan 2015ean onartutako legearen oso antzekoa da EH Bilduk egindako proposamena, baina oraingo honetan aldaketak egin dituzte jardunbide irregularren preskripzioan eta bulegoaren zuzendaritzaren aginte epean.

Taldeen adierazpenak

Larraitz Ugarte (EH Bildu) legebiltzarkideak adierazi duenez, Euskadi "ez da oasia" Espainiako Estatuan, "Ebrotik behera baino hobeto dagoen arren". Koalizioko kidearen iritzian, "euskal administrazio publikoa ez da gardena eta serioa; inpunitatea erabatekoa da" eta De Miguel auzia aipatu du adibidetzat.

David Latxagaren ustez (EAJ), auziak eztabaida "arduratsu eta sakona" merezi du, baina adierazi du EH Bilduren proposamen batzuk "eztabaidagarriak" direla.

Cristina Macazagak (Elkarrekin Podemos) erabateko babesa eman dio ekimenari. Horren hitzetan, euskal gizarteak badaki Euskadin "ustelkeria eta adiskidekeria arazo larria" direla eta Osakidetzaren OPEa aipatu du.

Jose Antonio Pastorrek (PSE-EE) ekimena tramitatzearen alde agertu da, PSOEk Espainiako Estatuan martxan jarri dituen neurrien ildoan doalako.

Azkenik, Javier Ruiz de Arbulok (PP) defendatu du tankera honetako bulegoak justiziaren alorrean sortu behar direla. "Bulego hau erabat alferrik izan daiteke", erantsi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Ustezko ustelkeria politikoa EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi