Politika -

Altsasuko auzia

Isuna, Altsasuko auziaren epaia aztertu behar duen epaimahaia aldatzea eskatzeagatik

Auzitegi Nazionalak uste du Altsasuko gazte zigortuen defentsak "fede txarrez" jokatu duela, epaia aztertu behar duten hiru epaileak errefusatzea eskatzeagatik, eta 600 euroko isuna ezarri die.

Altsasuko gazteen aldeko manifestazioa Iruñean. Artxiboko argazkia: EFE
Altsasuko gazteen aldeko manifestazioa Iruñean.
Altsasuko gazteen aldeko manifestazioa Iruñean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko auzian zigortutako gazteen defentsek ebazpena aztertu behar duen Apelazio Salako hiru epaileak errefusatzea eskatu zuen, baina Auzitegi Nazionalak eskaera hori atzera bota du astelehen honetan, eta, gainera, 600 euroko isuna ezarri die gazteei, epaimahaia aldatzea eskatzerakoan "fede txarrez" aritu direla argudiatuta.

Jose Ramon Navarro, Enrique Lopez eta Eloy Velasco dira Altsasuko auziaren epaia aztertuko duten hiru magistratuak. Defentsak bere garaian salatu zuenez, lehendabiziko biek Guardia Zibilaren dominak jaso dituzte, eta hirugarrenak, Coviteren kongresu batean parte hartu zuen, eta terrorismoaren biktimen elkarte hori auzi honetan parte hartzen ari den aldeetako bat da.

Gauzak horrela, defentsek errekusazioa aurkeztu zuten, baina orain Auzitegi Nazionalak atzera bota du eta zigortutako gazteei isuna ezarri die eskaera hori egiteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Nafarroa Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Altsasu Gazteak gaur