Politika -
MANIFESTAZIOA BILBON
Beltran de Herediaren eta 'Ugarteko'ren dimisioa eskatu dute Cabacas auziagatik
Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren epaiaren edukia eta "Ertzaintzaren inpunitatea" salatu dute Justizia Auzitegitik abiatu den eta Jaurlaritzako egoitzan amaitu den martxan.
AGENTZIAK | EITB.EUS
Azaroaren 29an egin zen publiko Cabacas Auziaren epaia: bi urteko espetxe zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zioten Juan Jose de Pablo ertzainari eta gainerako bost agenteak absolbitu egin zituen epaileak. Zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa leporatzen zieten seiei, 2012an Athleticeko jarraitzailea pelotakada batez hiltzeagatik.
Epaiaren biharamunean, Cabacasen lagun eta senideek kontzentrazioa egin zuten Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren aurrean,"justizia hau zaborra" dela salatuz, eta abenduaren 16 honetarako manifestazioa deitu zuten. 12:00etan jarri zuten hitzordua, Justizia Auzitegitik abiatu eta Jaurlaritzaren egoitzan amaituz, "Bi botere horiek ertzainak babestu eta zigorgabe utzi dituztelako, eta Iñigoren heriotza doan atera zaie", kritikatu zuten orduan. "Iñigo hil dute, hil duzue, eta arduraduna aske dago, eta horietakoren batzuk akusatuen aulkian eseri ere ez dira egin" gehitu zuten.
Hala, Mila laguneik gora bildu dira gaur eguerdian 'Iñigo, injustizia' zioen pankartaren atzean. Manifestariek "Ertzaintzaren inpunitatea" salatu dute, "justizia Iñigorentzat" oihu etengabeen artean. Sei urteren buruan epaiak eurek ziotena berretsi duela adierazi dute, "baina sei inputatutatik bakarra zigortu dutela ikusita" uste dute garbi geratu dela "Ertzaintzak edonor hiltzeko inpunitatea duela" eta "erantzukizunik ez dutela". Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu gurasoekin batera izan dira, besteak beste, Jone Goirizelaia euren abokatua eta Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea.
Aldekoaren dimisioa eta Beltran de Heredia zein 'Ugarteko'k dimititzeko eskaria
Ostiral honetan, Jorge Aldekoa Ertzaintzaren buruak dimisioa eman zuen. Cabacasi pelotakada eman zioten egunean Aldekoa zen Ertzaintzaren burua Bilbon. Hala, Iñigo Cabacas auziko epaiaren inguruan "hausnarketa pertsonal sakona" egin eta gero erabaki duela dimisioa ematea jakinarazi zuen. Epaiak, besteak beste, EAEko Polizia autonomikoaren jokaera ez zegoela justifikatuta ebatzi zuen.
Ostiralean Jone Goirizelaia Cabacas familiaren abokatuak esan zuenaren bide beretik, gaur manifestazioaren amaieran irakurri duten manifestuan Cabacasen lagunek salatu dute dimisioa "berandu" datorrela eta "bere burua zuritzeko" asmoa duela, gainera. Koldo Gutierrez Iñigo Gogoan plataformako kideak gogorarazi du Aldekoaren idatzian "protokoloen praxi okerren autokritika nabarmena" egiten dela, eta ondorioz, Aldekoa ez dela "dimititu behar duen bakarra", hala egin beharko lukeela "bere arduradunak" ere, Estefania Beltran de Herediak, baita inputatua izan ez den 'Ugarteko'k ere.
Familiak Auzitegi Gorenean jarraituko du orain borroka juridikoa.