Politika -
TRANSFERENTZIAK
Jaurlaritzak bi trenbide linearen kudeaketa bere gain hartuko du larunbatetik aurrera
Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo lineak Jaurlaritzaren esku geldituko dira, Batzorde Mistoan hitzartu zuten bezala.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi trenbide lineari dagokion eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku izango da abenduaren 15etik aurrera, Espainiako Aldizkari Ofizialean eta EAEko Aldizkari Ofizialean ostiral honetan argitaratu ostean. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo lineen titulartasuna izango du.
Eusko Jaurlaritzak bere egingo du bi trenbideei dagokien eskumena, hots, ondasunak, instalazioak, funtzioak eta zerbitzuak. Basurtutik Arizerako lineak zazpi kilometroko luzera du, eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo lineak, ostera, seikoa.
Guztira, 13 kilometro izango dira: trenbide lineak eta merkantzia-trenak barne.
Aurrerantzean Jaurlaritzak Kupotik deskontatuko du eskumen horri dagokion zenbatekoa. Zehatz-mehatz esanda, urtero ordaindu beharreko 2.212.990 euroen % 6,24 deskontatuko du: 138.090 euro.
Bestalde, EAEk sarrera bermatu beharko dio Estatuaren Interes Orokorreko Trenbideen Sarean zerbitzuak eman ahal izateko lineak eta geltokiak erabili behar dituenari.
Basurtuko eta Irauregiko geltokiak Interes Orokorreko Trenbideen Sarean geratuko dira, baina EAEk bultzatutako zerbitzuen sarrera bermatuko da.
Gainera, Lutxanako geltokiaren titulartasuna partekatua izango da.