Politika -

Aurrekontuak

Jendeari 'bizkar ematea' eta 'patronalari men egitea' leporatu dio Otegik Urkulluri

EH Bilduko buruzagiak EAJ kritikatu du, negoziazioa “lokaztu” duelako; izan ere, koalizioarekin akordio bat adosteko “aukera” zapuztu du “ultimatum eta danbateko batekin”.

Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena. Argazkia: EH Bildu
Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena. Argazkia: EH Bildu
Otegi: 'Akordioaren aukera zapuztu du EAJk ultimatum eta danbateko batekin'

4:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurrekontuen negoziaziorako “atea danbateko” batekin itxi ondoren, euskal gizarteari “bizkar eman” eta “patronalari men egitea” leporatu dio gaur Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Iñigo Urkullu lehendakariari.

Otegik agerraldia egin du arratsaldeko lehen orduan, koalizioaren Donostiako egoitzan. Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideek EH Bilduko koordinatzaile nagusia lagundu dute prentsaurrekoan; izan ere, biek negoziatzeko ardura izan dute.

Otegik EAJ kritikatu du, negoziazioa “lokaztu” duelako; izan ere, EH Bildurekin akordio bat adosteko “aukera” zapuztu du “ultimatum eta danbateko batekin”. Koalizioak, ostera, aurrekontuen eztabaida “jendearen beharrizanetara” zuzentzea lortu du, goraipatu duenez.

Otegiren esanetan, Eusko Jaurlaritzak “bertigoa” sentitu du eta, azken orduan, “Cebekek argi eta garbi agindutakoari men egin dio”. Horrela, Bizkaiko patronalaren presidenteak egindako adierazpenei erreferentzia egin die. Egungo aurrekontuak luzatzeagatik “ezer pasatzen” ez dela azaldu zuen Iñaki Garcinuñok; izan ere, “ez daude batere gaizki”.

Lehendakariari ezker abertzalearekin akordioak adostea “askorik gustatzen” ez zaiola begi-bistakoa dela adierazi du Otegik.

Pentsio baxuenak osatzera “20 milioi zergatik ezin diren bideratu” azaldu beharko du orain EAJk, erantsi duenez. “Zergatik kontratu publikoak, besteak beste, Florentino Perezekin sinatzen dituzte, eta ez dute klausula sozialik onartzen 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzeko”, gaineratu duenez, bitartean “galiziarrek, portugaldarrek eta errumaniarrek esklabo bezala 700 euroren truke herri lanetan ari dira”.

 

Otegi: "Eusko Jaurlaritzak bertigoa sentitu du"

 

“Hori da eztabaida, EH Bildun barne zatiketak ote dauden ez da eztabaida, nahiz eta badauden”, onartu du buruzagi independentistak.

Proposamenak mantendu eta ekimenen bidez Eusko Legebiltzarrean aurrera ateratzen saiatuko dela iragarri du EH Bilduk.

Negoziazio “zintzoa” mantendu eta euren proposamenetan “asko eman” dutela azaldu dute koalizioko ordezkariek. Gainera, borondate ona agertu dutela nabarmendu dute, osoko zuzenketarik ez aurkeztu ondoren.

EH Bilduk hasierako proposamenean planteatutako nahiak (420 milioi euro) murriztu dituela uste du Maddalen Iriartek.

Baina 2019an, eta ez 2021ean, pentsiorik baxuenak 858 euroraino osatzeko proposamenean koalizioak “ez du atzera egin”, Iriartek azaldu duenez, zenbateko hori legez ezarrita dagoelako eta “1.080 eurora heltzeko” lehen pauso bat delako.

EAJren eta PSEren jarrera “etsigarriarekin desengainua” hartu duela adierazi du Iriartek, kalean gizarte politiken aldaketak eskatu dituzten milaka euskal herritarri “bizkar eman dietelako”.

“2019ko atarian interes alderdikoiek lehentasuna izaten jarraitzeak atsekabetzen nau, jendearen aldarrikapenak alde batera utziz, euren porrota faltsukeriekin eta irakurketa okerrekin estali nahi dituztelako”, deitoratu du legebiltzarkideak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko Aurrekontuak 2024