Politika -
Kalera Kalera
Kartzeletara 3 martxa egingo dituzte, presoentzako 'konponbide integrala' eskatzeko
Abenduaren 22, 30 eta 31n egingo dituzte. Zaballa, Martutene eta Basauriko espetxeetara joango dira. Aldi berean, abenduaren 22an manifestazioa izango da Iruñean.
Agentziak | Erredakzioa
Zaballa, Martutene eta Basauriko espetxeetara hiru martxa egingo ditu 'Kalera Kalera' plataformak abenduaren 22, 30 eta 31n, presoen askatasuna aldarrikatzeko eta “konponbide integral baten beharra agerian uzteko”. Abenduaren 22an ere manifestazioa egingo dute Iruñean.
“Euskal Herriko sektore ezberdinen borroka Espainiako eta Frantziako Estatuen espetxe politika apurtezin eta mendekatia zartatzen hasi da”, azpimarratu dute Haimar Altuna eta Oihana San Vicente bozeramaileek prentsaurrekoan, Bilbon.
Zentzu horretan, “unearen irakurketa egiten jakitea” beharrezkoa dela uste dute. “PSOE Gobernura heldu ondoren”, lanerako ildoak “berregokitu” behar dituztela azaldu dute, “egungo egoera politikora egokitzeko”.
“Konponbiderako agenda bat euskal gizartearekin adostea da helburua, presoen gaia konpontzea ez delako ezker abertzalearen erantzukizuna bakarrik. Aurreko ziklo politikoa modu integralean ixtea guztion erantzukizuna da”, aldarrikatu dute.
'Kalera Kalera' plataformako bozeramaileen ahotan, “Espainiako Estatuak inposatu nahi duen garaile eta galtzaileen eskema faltsua gainditzeko guztien bulzada eta lana beharrezkoa da”. Eskema horrek “blokeora” soilik daramala ohartarazi dute.
Preso eta iheslarien “egoera konpontzea” premiazkoa dela defendatu dute. “Horien existentzia bera gatazka politikoaren adierazle argiena da”, ohartarazi dute. “Azken helburua presoen askatasuna” lortzea dela defendatu dute eta, horretarako, “eskubideen aldarrikapen sinple batetik konponbide agenda integral batera pasatzea beharrezkoa da”.
Bozeramaileen hitzetan, agenda horren “lehentasuna egoera larrienei irtenbideak” ematea izan behar da, besteak beste, “sakabanaketaren amaiera Euskal Herrira hurbiltzeko”, eta “ez 500 edo 250 kilometrora”, eta gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea.
Era berean, lehen graduaren aplikazio “sistematikoa berehala etetea” lehentasuna dela uste dute, gradu aldaketa posible izateko eta, “Europak agindu bezala”, beste estatu batean betetako zigorrak metatzea.
Marko horretan, 'Bada garaia. Presoak Kalera' lelopean, plataformak martxak deitu ditu Zaballara abenduaren 22an, Martutenera 30ean eta Basaurira 31n. Gainera, abenduaren 22an 'Kalera Kalera'k manifestazioa egingo du Iruñean.