Politika -
Katalunia
Mossoek orain 155aren garaian bezala jokatzen dutela esan du Generalitateak
Generalitatea Espainiako Barne Ministerioaren esku egon zenean eta egun, Esquadra Mossoek protokolo berberak erabiltzen dituztela gogoratu du Miquel Buch kontseilariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Esquadra Mossoek "irizpide profesionalen arabera" jokatzen dutela beti eta joan den asteburuan Errepublikaren Defentsarako Batzordeek hainbat autobidetan egindako protestetan ez zirela utzikeriaz aritu ziurtatu du Generalitateak.
Espainiako Gobernuak atzo gutun bidez egindako ohartarazpenari erantzun dio gaur Miquel Buch Barne kontseilariak. Mossoek "ordena publikoa bermatu ezean", Kataluniara Polizia eta Guardia Zibila bidaliko zituela esan zion Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak Buchi.
Alabaina, Kataluniako Barne kontseilariak ukatu egin du Mossoek utzikeriaz jokatu izana. Alderantziz, aipatu protestetan esku hartu zutela eta ordena publikoa ez aztoratzea bermatu zutela ziurtatu du.
Hori dela, onartezintzat jo ditu Espainiako Gobernuarengandik jasotako kritika gogorrak. "Mossoek irizpide profesionalak eta protokolo homologatuak aintzat hartuta jardun zuten, motibazio politikoak albo batean utzita", azaldu du.
Ildo horretan, 2018ko martxoan Tarragonan, Lleidan edo Gironan izan ziren errepide mozketak aipatu ditu eta gogora ekarri du garai hartan Generalitatea Espainiako Gobernuak kontrolatzen zuela Konstituzioaren 155. artikulua ezarri baitzuen- eta orduko eta gaurko protokoloak berdinak direla Mossoentzat.