Politika -

Katalunia

Autobide bat moztu dute CDRek Tarragonan, 15 orduz

AP-7 autobidean, L’Ampollaren parean, gaua pasatzeko asmoa izan dute, eta horretarako materiala jaso dute, baina azkenean, gauerdia baino lehen utzi dute lekua.

Aktibistak, AP-7 autobidean, L'Ampollan (Tarragona) / Foto: EFE.
Aktibistak, AP-7 autobidean, L'Ampollan (Tarragona).
Aktibistak, AP-7 autobidean, L'Ampollan (Tarragona) / Foto: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako (CDR) aktibistek AP-7 autobidea moztu dute L'Ampollan (Tarragona), eta 15 orduz mantendu dute itxita.

Errepidean gaua pasatzeko tapakiekin eta lo-zakuekin hornitu dira. Izan ere, arratsaldean zehar protesta mugagabea izango zela erabaki dute, baina azkenean, gauerdia baino lehen lekua utzi dute aktibistek.

23:00ak baino minutu batzuk lehenago, Cambrilseko (Tarragona) CDRek autobidearen "mozketa altxatu" dutela iragarri dute.

Itxita 7:00etatik

CDRko dozenaka kidek autobidea moztu dute 7:00etan, errepidean pneumatikoak, bidoiak, bazter-babesak eta adarrak jarriz. Goizean zehar ibilgailu asko blokeatuta utzi dituzte, batez ere kamioiak, eta trafikoa N-340 errepidetik desbideratu dute.

Aktibista independentistek ura, jakiak, tapakiak, lo-zakuak eta berogailu elektrikoak ekar diezazkieten eskatu dute, gaua autobidean pasatzeko eta moztuta mantentzeko asmoz.

Izan ere, eguerdian egindako asanbladan, protesta mugagabe bihurtzea erabaki dute CDRek. Miquel Buch Barne kontseilariaren dimisioa eskatzen dute, Voxen ekitaldien aurka manifestatu zirenen aurkako kargengatik.

"El poble mana, el Govern obeeix" (Herriak agintzen du, Gobernuak men egiten du) bezalako leloak idatzi dituzte galtzadan, eta preso dauden politikariak askatzearen aldeko aldarriak oihukatu dituzte.

Iluntzean, su bat eta argiak piztu dituzte inguruan, eta "Errepublika gauzatzea" aldarrikatu dute, Generaltatea interpelatuta.

Cambrilseko (Tarragona) CDRek bildutako jakiak erakutsi dituzte Twitterren, eta jasotako laguntza eskertu dute.

Goizean, tentsio momentuak izan dira aktibisten eta mobilizazioaren ondorioz blokeatuta geratu diren zenbait garraiolariren artean. N-340 errepidean lau kilometro arteko auto-pilaketak sortu ditu autobidea mozteak, bertara desbideratu baitute trafikoa.

Igandean, AP-7ko blokeoak oporretatik itzultzen direnen trafikoarekin bat egin lezake. Izan ere, hori da Penintsulako bide nagusietako bat.

Esquadra Mossoak AP-7an bertaratu dira, eta CDRek Twitterren esan dutenez, zenbait aktibista identifikatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Katalunia Politika Eguneko albisteak Albisteak