Politika -
Konstituzioa urteurrena
Manifestazio batek Konstituzio errepublikano bat eskatu du Donostian
Besteak bete, Unidos Podemoseko diputatu Isabel Saludek eta PSR-EPKko idazkari nagusi eta Ezker Anitza-IUko legebiltzarkide Jon Hernandezek hartu dute parte.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako hainbat elkarte errepublikanok deituta, manifestazio bat Donostiako erdigunetik ibili da ostegun honetan, xede izanik Konstituzio errepublikano bat eskatzea.
Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikarrak elkarteak, Andoaingo Belabieta Elkarte Errepublikanoak eta Donostiako errepublikarrak elkarteak antolatu dute manifestazioa, Konstituzio Egunaren ospakizunarekin bat eginda; besteak beste, Unidos Podemosen diputatu Isabel Saludek eta PSR-EPKko idazkari nagusi eta Ezker Anitzako legebiltzarkide Jon Hernandezek hartu dute parte.
Protesta hasi aurretik, Isabel Saludek nabarmendu du, kazetarien aurrean, berak ordezkatzen duen alderdiak egiten duela "Estatu federal eta errepublikano baten alde". Halaber, esan ere esan du "gure herrialdeko ultraeskuinaren eta eskuinaren jarreren guztiz aurka daudela"; izan ere, horiek gauza bakarra egiten dute: "Jendea sutan jartzea, eta gorrotoa, frustrazioa eta konfrontazioa sortzea".
"Elkartasuna, independentzia eta zatiketaren aurrean"
Salud euskal errepublikaren edo Kataluniako errepublikaren alde egiten dutenen aurka ere kokatu da: "Independentzia eta zatiketa eskaintzen dute", azpimarratu duenez. Ezker Anitza-IUren apustua da, aldiz, "elkartasunaren eta letra larriz idatzitako Espainia errepublikanoaren aldekoa".
Ezkerreko diputatuak aldarrikatu ditu, horregatik, "berdintasunaren, justizia sozialaren, senidetasunaren eta solidaritatearen balioak".
Jon Hernandezek, berriz, galdegin du "hirugarren errepublika". Hori gizarte-gehiengo langilearen eta beheko jendearen zerbitzura eraiki beharko litzateke, "Espainian dauden zenbait herriren borondatetik".
Ezker Anitzaren Gipuzkoako koordinatzaile Arantza Gonzalez eta Amaia Marin Irabaziren Donostiako zinegotzia ere izan dira manifestazioan. 12:00ak jota irten da martxa Boulevardetik; aurrealdean, bandera errepublikano handia zeramaten, eta horren erdian ikurrina bat; Donostiako erdigunea zeharkatu dute, errepublikaren aldeko eta monarkiaren kontrako leloak oihukatu dituzte, ibilbidean.