Politika -

Azken ondorioak

De Miguel auzikoek diru publikoa bidegabe erabili zuten, Jaurlaritzaren esanetan

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak sei urteko espetxe zigorra urtebete eta hiru hilabetera murriztu die Josu Arruti Odriozolari eta haren semeari.

Iosu Arruti, Gorka Errasti eta Estibaliz Arruti. Argazkia: EFE
Iosu Arruti, Gorka Errasti eta Estibaliz Arruti.
Iosu Arruti, Gorka Errasti eta Estibaliz Arruti. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren abokatuak onartu egin du, De Miguel auziko kontratuak sinatzeko orduan, auzipetuek dirua bidegabe erabili zutela, eta argitu du horrek Ogasunari 146.230 euroko galera eragin ziola.

Javier Otaola abokatuak urtarrilean Arabako Probintzia Auzitegian abiatutako epaiketaren azken ondorioak aurkeztu ditu. Guztira, 26 lagun daude auzipetuta De Miguel auzian, besteak beste, Alfredo de Miguel bera, Araban EAJren bigarrena izan zena. Era berean, Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano aipatu alderdiko ordezkari ohiak ere auzi horretan nahastuta daude.

Otaolak argi utzi du gaur "triste" esnatu dela, 30 urtetan Eusko Jaurlaritzako zuzendari bat salatzen duen lehen aldia delako, Juan Jose Ibarretxeren gobernuan Gazteria Saileko zuzendari izandako Xabier Sanchez Roblesi aipamena eginda. Izan ere, De Miguel auzian nahastuta dago Sanchez Robles, eta Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eskatu du berorrentzat.

"Sanchez Roblesek diru publikoa bidegabe erabili zuen", argitu du Otaolak.

Bizkaiko Foru Aldundiak Josu Arrutiren eta haren semearen zigorrak murriztu ditu

Bestalde, sei urteko espetxe zigorra urtebete eta hiru hilabetera murriztu du epaiketan herri akusazio gisa aurkeztu zen Bizkaiko Foru Aldundiak.

Hain zuzen ere, Josu Arruti Odriozolari eta Josu Arruti Letamendiari (aita eta semea) ezarritako zigorrak arindu ditu. Biak ala biak delitu fiskalengatik zigortu zituen.

Zehazki, Arruti Odriozolari lau urteko kartzela zigorra jarri zion; haren semeari, berriz, bi urtekoa.

Azken ondorioetan, baina, askoz zigor arinagoak eskatu ditu: urtebeteko espetxea Arruti Letamendiarentzat, eta hiru hilabetekoa aitarentzat. Gainera, azken honi 32.400 euroko isuna ezarri dio.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Eusko Jaurlaritza Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia