Politika -

Eskandalua URJC-n

Cristina Cifuentes auzipetu dute 'Master auzia'gatik

Madrilgo presidente ohiaren azalpenak 'sinesgarriak' ez direla dio epaileak. PPko buruzagi ohia ez ezik, beste hiru pertsona ere auzipetu ditu dokumentuak faltsutzeagatik.

Cristina Cifuentes, dimisioa eman zuen egunean. Argazkia: EFE
Cristina Cifuentes, dimisioa eman zuen egunean.
Cristina Cifuentes, dimisioa eman zuen egunean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Cifuentes, auzipetuta. Carmen Rodriguez-Mendel epaileak 'Master auzia' bezala ezagutzen den kasua ikertzen amaitu eta Cifuentes auzipetu du dokumentuak faltsutzea egotzita.

Madrilgo Erkidegoko presidente ohiak 2011-2012 ikasturtean Juan Carlos Erregea Unibertsitatean egindako masterrean irregulartasunak atzeman zituen Madrilgo 51. zenbakiko Instrukzioko epaileak. Egiaztatu ahal izan zuenez, ez zen eskoletara joan (derrigorrezkoa zen), eta notak faltsutu zizkioten.

Cifuentesekin batera, Enrique Alvarez Conde Unibertsitateko Zuzenbide Autonomikoaren Institutuko zuzendari ohia, Cecilia Rosado irakaslea eta Maria Teresa Feito Cifuentesen aholkulari ohia auzipetu ditu epaileak.

Gaur kaleratutako autoa ahozko epaiketa abiatzeko aurreko urratsa da. Hala, aldeei euren akusazioa edo largespen eskaera helarazteko eskatu die.

Cifuentesen azalpenak "ez dira sinesgarriak"

Dokumentuak faltsutzeagatik auzipetu ditu lau lagunak. Gogorarazi duenez, masterraren amaierako lanaren aktan ageri diren hiru sinaduretatik bi faltsuak dira. Izan ere, Alicia Lopez de los Mozos eta Clara Souto irakasleek esan zuten eurek ez zutela sinatu, eta Lopez de los Mozosek epaimahaian parte hartu ez zuela erantsi zuen.

Bestalde, Cristina Cifuentesek egoitza judizialean emandako azalpenak "sinesgarriak ez" direla uste du epaileak.

CIFUENTES ALVAREZ CONDE EFE

CIFUENTES ALVAREZ CONDE EFE

Cifuentes eta Alvarez-Conde, EFEk egindako muntai batean.

"Aipagarria da masterraren amaierako lanaren kopia ez edukitzea, ezta zirriborroren bat ere. Alvarez Conde irakasleak egindako zuzenketekin mezu elektronikorik trukatu ez izana ere deigarria da", argudiatu du epaileak.

Epailearen esanetan, "ez da sinesgarria" hain "arina, erraza eta eskuragarria" den komunikazio modu erabili ez izana.

Madrilgo Gobernuaren agenda digitalaz ere mintzo da Rodriguez-Mendel. Ustez, 2012ko uztailaren 2an defendatu zuen Cifuentesek bere master amaierako lana. Agendan hitzordu hura ba ote zegoen galdetu zuen epaileak. Erantzunean, halakorik baieztatzeko modurik ez zuela adierazi zuen gobernuak, denbora asko igaro zela argudiatuta.

Epailearen ustez, Cifuentesek esandakorekin kontraesana dago. 2018ko martxoan Cifuentesek berak data hori aipatu zuen, eta orduan ere ezin zen hitzordua egiaztatu.

Cifuentesek apirilean eman zuen dimisioa, 'Master auzia' lehertu eta hilabetera. Egun horretan, krema pote batzuk lapurtzen ageri zen bideoa kaleratu zuen hedabide batek.

Monton ministro ohiaren kontrako auzia, artxibatuta

Bestalde, Rodriguez-Medel epaileak beste master baten auzia ixtea erabaki du: Carmen Monton Osasun ministro ohiak unibertsitate berean eskuratutakoarena, hain justu. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak egindako eskaerari men egin dio, auzi horretan "arau-hauste penalak frogatzerik" izan ez dela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Delituak Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Madril