Politika -
Bateragune auzia
Estatuko Abokatutza, Estrasburgoren epaiari helegitea jartzearen aurka
Estatuko abokatuak txosten bat egin du, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren sententziari Sala Nagusiaren aurrean helegitea ez aurkeztea aholkatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Bateragune auzian epaiketa inpartziala izan ez zuela ebatzi zuen Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak. Epai horren aurkako helegiterik ez planteatzeko gomendioa eman du orain Estatuko Abokatutzak, errekurtsoak aurrera egingo ez lukeela eta Espainiaren sinesgarritasunari kalte egingo liokeela uste duelako.
Estatuko abokatuaren txostenaren arabera, gai bat berriz aztertzea salbuespenezko kasuetan soilik eska diezaiokete Sala Nagusiari. Gainera, hitzarmenaren irakurketa edo izaera orokorreko arazo larri bat dagoenean bakarrik onartzen ditu tramitera.
Sala Nagusia apelazioko auzitegi arrunt bat bezala hartzerik ez dagoela agerian uzten du doktrinak, Abokatutzaren arabera. Gainera, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian epaileen alderdikeriaren inguruko jurisprudentzia sendoa dagoela gogorarazi du Estatuko abokatuak. Epaian Estrasburgok erabakia sakon arrazoitu zuela dio, bere garaian Espainiako epaile batzuek ere boto partikularrekin azaldu bezala.
Estatuko zerbitzu juridikoen hitzetan, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren aurrean Espainiaren sinesgarritasunari kalte egin diezaioke helegitea aurkezteak, eta etorkizunean ondorio negatiboak izan garrantzi handiko beste kontu batzuetan.
Iturri juridikoen esanetan, helegitea aurkeztearekin Otegiren aldeko epaia irmoa izatea hilabete gutxi batzuk atzeratzea soilik lortuko lukete.
Estrasburgoko ebazpenaren ondotik, kargu publikoan aritzeko 10 urteko debekua baliogabetzeko “bideak” zabaltzen zirela adierazi zuen buruzagi abertzaleak, baina hautagai izateko asmoa ote duen ez zuen argitu.