Politika -
Udal eta Foru hauteskundeak
Abecia, De Madariaga eta Valiente, Podemos Euskadiren ahaldun nagusirako hautagaiak
Zerrendaburuak ez ezik, hauteskunde-barrutietako hautagaiak ere izendatu dituzte, eta nabarmentzeko modukoa da Xabier Benito eurodiputatua izango dela Bilboko zerrendan bigarrena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arantxa Abecia, Eneritz de Madariaga eta Maria Valiente dira Podemos-Ahal Dugu ahaldun nagusirako hautagaiak, 2019ko Udal eta Foru hauteskundeetarako. Horixe da, hain justu, aipatu alderdiaren primarioetan berretsi dutena. Guztira, 2.295 lagunek bozkatu dute, izena eman dutenen % 12k.
Dena dela, parte-hartze portzentajea % 47,7koa izan da, baldin eta lehendik ere izena emanda zuten pertsonak kontuan hartzen badira, hots, Podemos-Ahal Duguren militante "aktiboak" direnak.
Zerrendaburuak ez ezik, hauteskunde-barrutietako hautagaiak ere izendatu dituzte, eta nabarmentzeko modukoa da Xabier Benito eurodiputatua izango dela Bilboko zerrendan bigarrena, Eneritz de Madariagaren ondotik.
Parte-hartzeari dagokionez, Arabak ondu du marka, % 30,65eko parte-hartzea izan baita bertan. Bi hautagai zituen lurralde bakar horretan, Ahal Dugu alderdiak krisi larria du, Koldo Martin bozeramaile ohia babesten zuten batzarkideak bota dituztelako.
Horrela, Arantxa Abecia izendatu dute diputatu nagusi izateko hautagai, botoen % 59,1 lortuta. David Rodriguezek, berriz, % 39,22ko babesa lortu du.
Bizkaian, botoen % 83,8 jaso dITu Eneritz de Madariagak, diputatu nagusi izateko aurkeztu den hautagai bakarrak. Maria Valiente Gipuzkoako hautagaiak ere antzeko babesa lortu du: botoen % 80,75, hain zuzen ere.
Emaitzak ezagutu ostean, Cristina Macazaga Ahal Dugu Euskadiren Ekintza Instituzionaleko arduradunak nabarmendu du "hiru lurraldeetan aurkeztutako zerrendei esker" indartsuagoak direla orain, eta "harro" agertu da, hiru emakume direlako diputatu nagusi izateko hautagaiak.