Politika -
Azken ondorioak
De Miguel auziko inputatuek 'talde kriminala' eratu zutela esan du berriro fiskalak
"Funts publikoak bidegabe erabiltzen zituen erakunde ilegal horrek, eta ia akusatu guztiek EAJrekin lotura zeukaten", fiskalaren arabera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Josu Izaguirre Arabako fiskalburuak berriro esan duenez, De Miguel auzian inputatuta dauden pertsona guztiek "talde kriminal" bat eraiki zuten, eta funts publikoak bidegabe erabilita, aberastu egin ziren. Gainera, adierazi du "ia akusatu guztiek" zeukatela EAJrekin lotura.
Izaguirre gaur bertan hasi da epaiketaren azken ondorioak azaleratzen. Urtarrilean ekin zioten epaiketari, Arabako Probintzia Auzitegian, ustez De Miguel auzian nahastutako 26 lagunek komisio ilegalak jasotzen zituztelako. Horien artean Arabako EAJko hainbat ordezkari daude, besteak beste, ahaldun izandako Alfredo de Miguel bera.
Fiskalak aurreratu du kasu horren jatorria ez dela Arabako Teknologia Parkean kontratu bat lortzeko orduan, estortsioa jasan zuela zioen "zoroaren" 2009ko salaketa, Fiskaltzari "elementu oso irmoak" eman zizkion abokatu baten testigantza baizik. Hain zuzen ere, grabazioak eta De Miguelek bidalitako mezu elektroniko bati esker eman zuten argitara aipatutako ustelkeria kasua.
Izaguirrek zehaztu duenaren arabera, lehenengo unetik jakin dute "erakunde edo azpijoko kriminal" bat zela, inpunitatearekin jokatzen zuen "jende boteretsuak" zuzendutako talde bat, alegia.
Gauzak horrela, 29 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak De Miguelentzat, hasiera batean berorri eta gainerako inputatuei ezarritako zigorrak arindu ostean.