Politika -
KARGUGABETZEA
Sanchezen Gobernuak Kataluniako auziko Estatuko abokatua kargutik kendu du
Estatuko abokatu nagusiak konfiantza galera argudiatu du Edmundo Bal kargugabetzeko. Estatuko Abokatuak sedizioa leporatu die buruzagi independentistei eta Edmundo Balek matxinada egotzi nahi zien.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzo, Pedro Sanchezen Gobernuak Edmundo Bal Estatuko abokatua kargugabetu zuen, hain zuzen ere, Zigor saileko buru eta Kataluniako auzian Gobernuaren akusazioa zuzentzen ari zena. Consuelo Castro Estatuko abokatu nagusiak konfiantza galera argudiatu du Edmundo Bal kargutik kentzeko.
Kataluniako auzian, desadostasun nabariak izan dira bi aldeen artean. Estatuko Abokatuak sedizioa eta dirua bidegabe erabiltzea leporatu die Kataluniako buruzagi independentistei; Edmundo Balek, ostera, matxinada delitua egotzi nahi zien, Fiskaltzak mantendutako ildoari jarraituz.
Edmundo Balena Consuelo Castroren konfiantzazko kargua zen. Beraz, nahikoa izan da konfiantza galera bat izan dela arrazoitzea kargutik kentzeko.
Orain, Kataluniako auzian Estatuko abokatuaren akusazio idatzia defendatuko duen norbait aurkitu beharko du Consuelo Castrok.