Politika -
Ekimena
PPk eta Ciudadanosek ez dute frankismoa gaitzetsi Senatuan
Hala ere, abstenitu egin dira, eta horri esker ekimena aurrera atera da. Talde sozialistaren, Unidos Podemosen eta abertzaleen babesa jaso du mozioak; guztira, aldeko 97 boto.
Agentziak | Erredakzioa
Senatuak frankismoa eta “hura goratzeko edozein ekitaldi irmo” gaitzetsi ditu gaur. PSOEren mozioak PP, Ciudadanos eta Fororen abstentzioari esker egin du aurrera. Era berean, Franco Eroritakoen Bailaratik ateratzea babestu du ekimenak.
Talde sozialistaren, Unidos Podemosen eta abertzaleen babesa jaso du mozioak; guztira, aldeko 97 boto. PPk gehiengo absolutua du Ganberan. Alderdi Popularra, Ciudadanos, UPN eta Foro abstenitu dira; guztira, 136 abstentzio. Ez da aurkako botorik izan bozketan.
PPk mozioa kritikatu du eztabaidan, baina bozkatzeko orduan abstentzioa aukeratu dute Alderdi Popularreko senatariek. Diktadorearen gorpuzkiak Eroritakoen Bailaratik ateratzeko aipamena kendu nahi zuen PPk, baina talde sozialistak ez du zuzenketa hori onartu.
Tontxu Rodriguez senatari sozialistaren hitzetan, mozioak PP “mindu” egiten du, “sustrai biologiko eta ideologikoak alkandora berrian, bandera garaileetan eta Espainiako egunsentian errotzen dituelako”, “Cara al sol” ereserki falangistari erreferentzia eginez.
PPko senatariek protesta egin dute adierazpen horien aurrean. PPk diktadura frankista gaitzesten duela ziurtatu du Joel Delgado senatariak, baina Francoren gorpuzkien kokapenak espainiarrak kezkatzen ez dituela gaineratu du.
Unidos Podemosen zuzenketa bat onartu dute sozialistek, frankismoaren sententziak baliogabetzeko. “Eskuineko alderdien” abstentzioa deitoratu du Ander Gil koalizio moreko bozeramaileak, “Europako edozein herritan” ekimena aho batez onartuko luketelako.
PPri “atzamarra begietan sartzen jarraitzeko” PSOEren estrategia ote den galdetu du Jokin Bildarratz EAJko senatariak; izan ere, ekimenak ez ditu biktimak aipatzen, eta ez dio Memoria Historikoaren Legeari ekarpenik egiten.
Bestalde, “faxismoaren parke tematikoarekin” bukatzea babestu du Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak.