Politika -
Aurreakordioa
Bi transferentzia EAEren esku uztea adostu dute Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak
AP-1 autobidearen Armiñon eta Burgos arteko zatia eta Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbao-Basauri trenbide lineak EAEren esku uzteko aurreakordioa hitzartu dute bi gobernuek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak "aurreakordioa" lortu dute Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzteko dauden lehen transferentziak eskualdatzeko. Hain zuzen ere, AP-1 autobidearen Armiñon eta Burgos arteko zatia eta Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbo-Basauri trenbide lineak dira, aurreakordio honen bidez, EAEren esku geratuko diren transferentziak.
Ia lau ordu iraun duen bileran adostutakoari esker, eskumenen arloan bi gobernuen arteko negoziazioetan egon den blokeoa gainditu dute, Jaurlaritzako iturrien arabera.
Aurrerantzean, beraz, idatziz jasoko dituzte akordio horren gaineko xehetasunak, lehenbailehen aldebiko batzordeak eskumen horien transferentzia burutu dezan.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, aurreakordioa idatziz jasotzea "urrats garrantzitsua eta positiboa" izango da, izan ere, "Gernikako Estatutua betetze aldera, eta zazpi urteko etenaldiaren ostean, aurrerapauso handia dakarrelako horrek".
"Espero dugu aurreakordio honen ostean beste hitzarmen batzuk etortzea, 37 transferentzien eskualdatzea lortu arte", baieztatu du Erkorekak.
Halaber, ziurtatu du "ezinbestekoa dela ulermen giroa aprobetxatzea, beste eskumen batzuen egutegia zehazteko". Horixe da, hain zuzen ere, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari ekainean eskatu ziona, alegia, transferentzien eskualdaketarako plan bat finkatzea.