Politika -
'Herenegun'
Oposizioko talde guztiek kritikatu dute 'Herenegun' hezkuntza-programa
Sozialistak ere kritiko agertu dira Eusko Jaurlaritzaren unitate didaktikoarekin, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPrekin batera. Abertzaleek atzera egitea eskatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Oposizioko talde guztiek eta PSE-EEk kritikatu dute 'Herenegun' hezkuntza-programa. Eusko Jaurlaritzak EAEko historia berriari buruz egindako unitate didaktikoa da. EAJk besterik ez du babesten.
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztu dute 'Herenegun' Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandezek eta Kultura sailburuorde Maite Alonsok. Bertan izan dira, gainera, proiektuan parte hartu duten adituak: Juan Pablo Fusi historialariak, Mari Carmen Garmendia sailburu ohiak eta Mariano Ferrer kazetariak.
EH Bildu oso kritiko agertu da, eta 'Herenegun' programa atzera botatzea eskatu du. Julen Arzuaga bozeramaileak azaldu duenez, unitate didaktikoak historiaren interpretazio "interesatua, politikoa, ideologikoa eta subjektiboa" egiten du, eta ez du aintzat hartzen ezker abertzaleak gertatutakoaz egiten duen "kontakizuna".
Koalizioak ez ditu egin dituen helegiteak erregistratuko, prozesu horrek "ez duelako proiektua zuzentzeko eta hobetzeko", eta nabarmendu du "azken 50 urteak" ezin direla "ETA protagonista bakartzat hartuta, helburua errealitatea kontatzea bada behintzat".
Elkarrekin Podemosentzat, "ez litzateke arduratsua izango" oraingo materiala ikasgeletara bidaltzea. Iñigo Martinezen arabera, unitate dialektikoak ez du argi uzten ez dela egon "bi taldeen arteko gatazka bat", eta azken urteetan ezkerreko alderdi ez nazionalistek izandako jokabidea ez duela aintzat hartzen esan du. "Fokuetatik kanpoko" adostasuna bilatzea defendatu du.
Borja Semperrek 'Herenegun' sakonki aldatzearen alde egin du. Alderdi Popularreko bozeramailearentzat, proiektua partziala da, eta "indarierkain ETArena soilik den erantzukizunari" garrantzia kentzen dio.
PSren kiritikak eta EAJren babesa
Sozialistentzat, hezkuntza-programak ez du lortu ikasleei helaraztea EAEren eta beste autonomia erkidegoen arteko desberdintasun nagusia, hau da, "ETA eta terrorismoaren mehatxua".
Jose Antonio Pastorrek esan duenez, dagoen moduan "ezin da ikasgeletara heldu", ez diolako "ETAri zilegitasuna kentzen". Azken bertsioan "hiltzeko erabakia ETAk hartu zuela" nabarmentzea espero du.
Azkenik, Iñigo Iturratek (EAJ) proiektua "errespetu eta kontu handiz" egin dela defendatu du. Esan duenez, "edukia berez ona bada ere, dena hobetu daiteke" egindako helegiteekin.
Atzera botatzea eskatu dute biktimen erakundeek
Terrorismoaren Biktimak Fundazioak unitatea atzera botatzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, bere ustetan, "gatazkaren teoria sustatzen duen ikuspegi partziala" eskaintzen duelako, "ETAren aktibitate terrorista zuritzeko asmo argiarekin", eta "errealitatearekin bat datozen" material didaktiko berriak egitea eskatu du.
Komunikatua biktimen hogei bat elkartek eta fundaziok sinatu dute. Esan dutenez, hezkuntza-programak ez du betetzen Terrorismoaren Biktimak Onartzeko eta Babesteko Legea, Diputatuen Kongresuan "EAJren aldeko botoekin" onartuta, ezta Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko EAEko Legea, "ETAren ibilbide kriminalari eta indarrez bere proiektu politikoa ezartzeko asmoari ez dielako zilegitasuna kentzen".
"Legeak ETA bezalako talde terrorista bat guztiz justifika ezina dela dio, eta Eusko Jaurlaritzak, ordea, legeak dioenaren kontra, unitate horretan ETAren sorrera justifikatzea ahalbidetzen du, baita bere ekintzen garrantzia txikiagotzea ere".
Fundazioak material berriak egitea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "epeltasunik eta zalantzarik gabe, biktimei dagokien zentraltasuna emanez, eta nabarmenduz demokraten arteko batasunak, Zuzenbide Estatuak eta segurtasun indarren, epaileen eta fiskalen lan nekaezinak ekarri zutela hiltzaileen porrota".
Eusko Jaurlaritzak urtarrilean izan nahi du prest
Jonan Fernandezek programaren alde egin du, Eusko Jaurlaritzari proiektuan aholkua eman dioten hiru adituek bezala.
Fernandezek esan duenez, taldeen ekarpenak materiala urtarrilean prest egoteko helburuarekin aztertuko dituzte, apirila eta ekaina artean behin behinean ezartzeko asmoz, saiaketa pilotu gisa. 2019ko bigarren seihilekoan aztertuko da hori, mailaka ezartzeko helburuarekin.
Esan duenez, programak ez du terrorismoa legitimatzen, ez dago "gatazkaren teoriara" bideratuta eta motibazio politikoko edozein indarkeria "bidegabea eta justifikatu ezina" izan zela argi uzten du.
"Ez da ETAri buruzko unitate politikoa, baizik eta herrialde honen historiaren azken hamarkadei buruzko irakasgaia", azpimarratu du Fernandezek. Nabarmendu duenez, bere helburua ez dela "memoria ofizialaren buletin bat ezartzea", baizik eta ikasleak "gertatutakoari buruz pentsatzera bultzatzea".
Fusi, Garmendia eta Ferrer adituek egindako lanaren alde egin dute, eta, beste edozein lan bezala, hobetu daitekeela onartu dute. "Objektiboa izan nahi duena" kontakizun “zintzoa” dela eta “azalpenezko neutraltasunetik” idatzia izan dela defendatu dute.