Politika -
Eusko Legebiltzarra
Estatutu berriaren proposamena geldiarazteko PPren eskakizuna errefusatu du EAJk
Legez besteko proposamenak PPko legebiltzarkideen babesa jaso du soilik; izan ere, gainerako taldeek kontrako botoa eman dute. PSE-EEren osoko zuzenketa ere ez da aurrera atera.
Agentziak | Erredakzioa
EAJren eta EH Bilduren artean adostutako Estatutu berriaren proposamena geldiaraztea eskatu du gaur PPk Eusko Legebiltzarrean, baina jeltzaleek kontrako botoa eman dute. 2019ko aurrekontuak negoziatzeko baldintza bezala jarri zuen Alderdi Popularrak.
Eusko Jaurlaritza oposizioko bi alderdirekin (EH Bildu eta Elkarrekin Podemos) bildu baino egun bat lehenago eman da eztabaida. Azken bi urteetan aurrekontuak onartzea ahalbidetu du PPk, baina oraindik ez dute hitzordurik.
Legez besteko proposamenak PPko legebiltzarkideen babesa jaso du soilik; izan ere, gainerako taldeek kontrako botoa eman dute. EAJren eta EH Bilduren artean adostutako testua legelari adituen taldeari bidalita, martxan jarritako prozedura bertan behera uztea eskatu dio ekimenak Autogobernu Lantaldeari. Era berean, “indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren barruan” akordio “zabalago” bat lortzeko bilera gehiago egitea eskatu dio.
PSE-EEren osoko zuzenketa ere ez da aurrera atera. Indarrean dagoen legalitatea errespetatuz Gernikako Estatutua erreformatzea aldarrikatu dute sozialistek. Elkarrekin Podemosen ekimenak ere ez du babes nahikorik lortu. Koalizio morearen ahotan, oinarrizko akordioak alderdi gehiagoren babesik ez lortzea “porrot politiko izugarria” da.
EH Bilduren tesia “erosi” izanagatik EAJ kritikatu du Alfonso Alonso PPko bozeramaileak. Alonsoren hitzetan, “euskal bidea disuasio nuklearra da”.
Oinarrizko akordioa dagoeneko EAJrena eta EH Bildurena ez dela gogorarazi du Joseba Egibarrek (EAJ), Eusko Legebiltzarrarena baizik. “Adostasunaren izenean, aurrera egin beharrean, zangotrabatzea”, kritikatu du jeltzaleak.
Alonsoren ekimena eskertu du Maddalen Iriartek (EH Bildu), osoko bilkuraren “gehiengoak” oinarrizko akordioari “babesa eman” diolako. Horrela, testuak “beste pauso bat emango” duela gaineratu du.
“Aniztasuna” aitortu eta “haustura arriskua saihesten duen lauko akordio bat” lortzeko laguntza eskaini du Lander Martinezek (Elkarrekin Podemos).
Azkenik, ordenamendu juridikoa urratu barik eskumen tresnak modernizatzeko aukera dagoela uste du Susana Corcuera sozialistak, EAJk eta EH Bilduk adostutakoaren aurka agertu ondoren.