Politika -

Presoak

Alonso Abad eta Salaberria Etxebeste presoen lekualdatzea baimendu dute

Fernando Alonso Pontevedrako espetxetik Asturiasera eramango dute, eta Emilio Salaberria A Coruñatik Kantabriara.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETArekin lotura izateagatik kondenatutako bi presoren lekualdatzeak baimendu ditu Espainiako Gobernuak, Espetxe Zaintzako Idazkaritzak jakitera eman duenez.

Fernando Alonso Pontevedrako A Lama espetxetik Asturiasera eramango dute; Espetxe Idazkaritzaren arabera, A Lamako tratamendu-batzarrak joan den hilean proposatu zuen Alonso lekuz aldatzea.

Alonso 1996ko abuztuaren 18an sartu zen espetxean, 25 urteko kartzela zigorra ezarri baitzioten armen gordailua, lehergaien edukiera, talde armatuan parte hartzea eta terrorismoa egotzita. 2015eko maiatzean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Emilio Salaberria A Coruñako Teixeiro espetxetik El Dueso Kantabriako kartzelara eramango dute. A Coruñako tratamendu-batzarrak urrian proposatu zuen senideengandik hurbilago egoteko leku aldaketa.

Salaberria 2002ko martxoaren 29an sartu zen espetxean, eta 20 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Zigorraren hiru laurdenak 2017ko martxoan bete zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua ETA Eguneko albisteak Albisteak