Politika -
Memoriaren Eguna
'Pertsona guztien' eskubideak aldarrikatu ditu Eusko Legebiltzarrak
Memoriaren Eguna dela eta, ekitaldia egin dute Legebiltzarreko alderdi guztiek, PPk salbu. Popularrek ez dute larunbat honetarako deitutako hitzordua babestu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarrak ekitaldia egin du larunbat honetan Gasteizen, Memoriaren Eguna dela eta. Bertan, "giza eskubideen eta duintasunaren" aldeko aldarria egin dute alderdi politikoek, eta "biktimenganako elkartasuna" adierazi dute. Legebiltzarreko alderdi guztiek hartu dute parte ekitaldian, PPk salbu.
10:30ean, lore-eskaintzarekin hasi dute ekitaldia. Hain zuzen ere, biktimei eskainitako Gauerdiko Iparrorratza eskulturan bildu dira, Legebiltzarrean bertan.
Eskulturaren aldamenean suontzi bat ezarri dute. Banan-banan, ordezkari politiko guztiak loreak bertan jartzeaz arduratu dira. Nolanahi dela, azken urteetan bezala, PPko ordezkariak ez dira bertaratu, ekitaldiak "terrorismoen biktimak" soilik omendu behar zituela argudiatuta.
Bien bitartean, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak prestatutako adierazpena irakurri du Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak.
Tejeriak azpimarratu du euskal gizartearen historiatik "txarrena" biktimek bizi izan zuten "abandonua" izan zela, eta gaineratu du "terrorismoari eta indarkeriari, bereziki 70eko eta 80ko hamarkadetan, ez zitzaiola behar bezalako erantzuna eman".
Horren aurrean, euskal gizartearen historiatik "onena" zer izan den ere ekarri du gogora. "Biktimen alde eta indarkeriaren aurka, 1990etik aurrera, euskal gizarteak zein politikariek erakutsitako konpromisoa" izan da, hain justu, Tejeriak alde ontzat nabarmendu duena.
Bizitzeko eskubidea
Tejeriak adierazi du esperientziak argi uzten duela "terrorismoaren eta indarkeriarekin aurrean, biktimei elkartasuna adieraztea eta haienganako konpromisoa erakusteak dela erantzunik eraginkorrena". Horretarako, duintasuna, bizitzarako eskubidea eta pertsona guztien giza eskubideak errespetatu behar direla esan du.
Larunbat honetako ekitaldia Iñigo Urkullu lehendakariak eta Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak zuzendu dute. Lore-eskaintzaren ostean, bi minutuko isilunea egin dute.