Politika -

Omenaldia

Arrasateko Udalak Isaias Carrasco omenduko du, lehen aldiz, azaroaren 24an

Osoko Bilkuren aretoan egindako agerraldian, adierazpen bateratu bat irakurri dute, zatika, hilabete hauetan egindako lanaren berri emateko.

Arrasateko Udalbatza osatzen duten talde politiko guztiek adierazpen bateratua irakurri dute. ETB
Arrasateko Udalbatza osatzen duten talde politiko guztiek adierazpen bateratua irakurri dute. ETB
Arrasateko Udalbatza osatzen duten talde politiko guztiek adierazpen bateratua irakurri dute. ETB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arrasateko Udalbatza osatzen duten talde politiko guztiek (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Baleike eta Irabazi) Isaias Carrasco ETAk 2008ko martxoaren 7an hildako zinegotzi sozialista omentzeko ekitaldia egitea adostu dute lehen aldiz, eta azaroaren 24an egingo dioten omenaldian alderdi politiko guztietako ordezkariak parte hartuko dute.

Osoko Bilkuren aretoan egindako agerraldian, adierazpen bateratua irakurri dute, zatika, hilabete hauetan egindako lanaren berri emateko. Izan ere, duela bi urte Oroimena eta Elkarbizitzaren Mahaia deiturikoa osatu zuten, alkatea buru zutela. Zinegotzien esanetan, “elkarrekiko errespetua, zintzotasuna eta konfidentzialtasuna” oinarri izanda aritu dira lanean.Hala, “gai konplexuak jorratzeko eremu seguru bat” eraiki zuten.

Arrazoi horregatik, “hasierako zereginen aurreratzea bezain garrantzitsua izan da hori bermatzen zuen prozesua bermatzea”, eta 2016tik izandako elkarrizketetan “oroimenaren eta giza eskubideen inguruan adituen lana eta aholkularitza ezinbestekoak” izan direla gaineratu dute. Izan ere, denbora honetan izandako “elkarrizketa bizien ondorioz, oroimen partekatu bat eraikitzeko oinarrizko adostasunak” lortzea posible izan dela nabarmendu dute.

Haien esanetan, “mahai honek gogoan izango ditu Arrasaten pairatutako giza eskubideen urraketa larriak eta bizi izandako sufrimenduak”, beti ere, sufrimendu horiek “parekatu edo nahasi gabe”. Hala, geratutako guztiari “leku bat egiteko helburua” dutela adierazi dute, “ez dadin ezer ahaztu”.

Udalbatza osatzen duten talde politikoen iritziz, “eskuzabaltasun ariketa bat" egin dute elkarrekin, "non bizikidetza bultzatzea eta eraikitzea lehenetsi den”.

Halaber, giza eskubideak urratu zaizkien biktimen omenezko ekitaldiak antolatzerako orduan, hainbat irizpide izango dituztela gogoan ziurtatu dute, “ekimen horien koherentzia segurtatze aldera”. “Mahai honek irizpide batzuk adostu ditu, ondorengo printzipio hauetan oinarrituta: elkarlana, adostasuna, diskriminazio eza eta parekatze eza”.

Arrasateko Udalean ordezkatutako talde politikoek egutegi bat adostu dute aitortzak eta omenaldiak egiteko. Horiekin batera adierazpen bateratuak egingo dituzte, eta ekitaldiak “legealdi hau amaitu aurretik” egiten hasiko direla ziurtatu dute. Hurrengo legealdian jarraipena izango dute. Horrenbestez, lehen omenaldia Isaias Carrascori egingo diote, azaroaren 24an.

Geroago, 1975ean Batallon Vasco-Español taldeak hildako Iñaki Etxaberen eta German Agirreren aitortzak egingo dituzte, “bai eta beste biktima guztienak ere”.

Azkenik, “dispertsio-politikak eragindako sufrimenduaren errealitateari” erantzuteko proposamen zehatz bat lantzen ari direla aurreratu dute, urtea amaitu aurretik ezagutzera emango dutena. Halaber, “osotasun fisikoaren eta psikologikoaren urraketa aitortzearen esparruan, hala nola, tortura, 2019ko urtean ekingo zaio”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Gipuzkoa ETA Arrasate bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa Debagoiena