Politika -
Katalunia
Guardia Zibilak “gehiegikeriak’ egin zituen U-1ean, Bartzelonako Auzitegiaren arabera
Neurrizko operazio bat izan ez zela adierazi du auzitegiak. Gainera, botoa eman nahi zuten herritarrak “borrekin jotzea” beharrezkoa ez zela uste du.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak “gehiegikeriak” egin zituen Sant Joan de Vilatorradako (Bartzelona) institutu batean, urriaren 1eko erreferenduma eragotzi nahian, Bartzelonako Auzitegiaren Bosgarren Sekzioak ebatzi duenez.
Polizia sartzea eragotzi nahi zuten herritarrak “borrekin eta defentsekin ustekabean jotzea” beharrezkoa ez zela uste du auzitegiak, nahiz eta agenteek bozketa eragozteko aginduak izan, autoan magistratuek azaldu dutenez.
“Bildutakoak indarrez ateraz: heldu eta arrakasta eramanez”, emaitza bera lortzea posible zen, hori bai denbora gehiagorekin. Ageriko helbururik eta aldez aurretik eraso fisikorik jaso gabe poliziek herritarrak kolpatu zituztela dio auzitegiak.
Neurrizko operazio bat izan ez zela adierazi du auzitegiak. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak bozketa eragozteko agindua eman zuen 2017ko irailaren 27an, baina erreferenduma egin nahi zuten herritarrak “zauritzea oso litekeena” zela kontuan izan behar zuten Poliziako buruzagiek.
Auzitegiaren hitzetan, bozketa geldiaraztea agindu judizialak betetzea baldin bazen ere, boto ematen utzi balute, erreferendumeko antolatzaileek nahi zuten ondorio juridikorik ez zukeen izango bozketak, legez kontrakoa zelako: “Kataluniako beste toki batzuetan ez zen Poliziaren operaziorik izan, bozketa egin eta emaitzak argitaratu ziren, inolako ondorio juridikorik gabe”.