Politika -

De Miguel auzia

De Miguel auziko Fiskaltzak azaroaren 20an emango du kartzela-zigor eskaeren berri

Astelehenean, De Miguelek legez kanpoko komisioak kobratu zituela onartu zuen Josu Arruti enpresariak, eta Francesc Fernandez Joval enpresariak komisioak ordaindu zituela onartu zuen.

Arruti familiakoekin amaitu dira akusatuen deklarazioak 'De Miguel' auzian

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 20an berrekingo diote De Miguel auziko epaiketari, alegia, Euskal Herrian inoiz epaitutako ustezko ustelkeria auzirik handienari. Egun horretan, aldeek haien ondorioak aurkeztuko dituzte eta, Fiskaltzak, akusatuentzat eskatzen dituen kartzela-zigorren berri emango du, horietako hainbatek delituak egin izana onartu ostean.

Izan ere, auzipetu batzuekin zigorrak gutxitzeko akordioa itxi du Josu Izaguirre Arabako fiskalburuak, eta datorren asteazkenera arte, azaroak 14, akusatuentzat eskatutako zigorrak alda ditzake. Defentsak, berriz, ostiralera arte izango dute aukera hori.

De Miguel auziko epaiketa ia hilabetez eten zuten, urriaren 15era arte, Arabako fiskalburuak eskatuta, Fiskaltza eta defentsak zigorraren inguruko akordioa lortzeko lanean jarrai zezaten. Alabaina, epaiketa berrekin aurretik Fiskaltzaren eta De Miguel auziko akusatu nagusien artean "zoritxarrez" ez zela akordiorik izan jakinarazi zuen Izaguirrek, “akusatu batzuekin” adostasuna lortu zuela ziurtatu bazuen ere.

Dena dela, lan baten truke “inoiz komisiorik” inori eskatu ez diola adierazi zuen Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi ohiak. Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano EAJren Araba Buru Batzarreko (ABB) kide ohiek ere akusazio guztiak ukatu zituzten, eta "guztia asmakizun bat" dela ziurtatu zuen.

Akusatuek hainbat astetan deklaratu ostean, joan den astelehenean, De Miguelek legez kanpoko komisioak kobratu zituela onartu zuen Josu Arruti enpresariak. Bere esanetan, Zanbranan (Araba) industrigune bat eraiki ahal izateko kudeaketak egitearen truke kobratu zituzten komisio horiek, Construcciones Riera talde kataluniarraren partetik. Asteartean, proiektuak aurrera egin zezan bakoitzari 161.000 euroko komisioak ordaintzea onartu zutela aitortu zuen Francesc Fernandez Joval enpresari katalanak.

Asteazken honetako saioan, Estibaliz Arruti eta haren senar Gorka Errastik deklaratu dute. Izan ere, Arruti familiaren jabetzapeko hainbat enpresa daude ikerketapean.

Josu Arrutiren arrebak azaldu duenez, ikerketapean dagoen Sidepur merkataritza sozietatean administrazio lanak burutzen zituen bakarrik, eta Josuk inoiz ez ziola onartutako legez kanpoko komisioen inguruan ezer esan azpimarratu du. Hala, ez zuela jarduteko modu horren berririk ziurtatu du.

Errastiren esanetan, Zerulur sozietatea martxan jartzea erabaki zuen Josu Arrutirekiko “konfiantza betea” zuelako. Halaber, hiru enpresen artean lortutako etekinak inoiz ez zituela zalantzan jarri nabarmendu du.

Honezkero akusatu guztiek deklaratu dute. Gauzak horrela, azaroaren 20ra arte epaiketa etetea aurreikusita dago, akusatuen deklarazioak kontuan izanda, Fiskaltzak zigor eskaeretan aldaketak egin ditzan, eta delituak egin izana aitortu dutenei zigorrak gutxitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Epaiketak albisteak Salaketak berriak Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa Albisteak Gaur Albisteak De Miguel auziari buruzko azken ordukoa