Politika -
Gorenaren erabakiaren ostean
Sanchezek legea aldatuko du hipoteken zerga bankuek ordain dezaten
Erreforma ostegun honetan onartuko du Ministroen Kontseiluak. Auzitegi Gorenari autokritika eskatu dio Espainiako presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur iragarri duenez, Exekutiboak Ondare-Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren erreforma onartuko du ostegunean, aurrerantzean bankuek ordain dezaten.
Gobernuburuak premiazko agerraldia egin du eguerdian, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak atzera egin eta zerga bezeroek ordaindu behar zutela ebatzi eta ordu gutxitara. Bi eguneko eztabaidaren ondotik, helegitea atzera botatzea eta urriaren 18ko epaiaren aurreko doktrina berreskuratzea erabaki du Administrazioarekiko Auzien Salak (aldeko 15 boto eta kontrako 13).
Prentsaurrekoan azaldu duenez, erreformaren helburua argia da: "Espainiarrek ez dezatela aurrerantzean zerga hori ordaindu". Errege lege-dekretu bidez egingo dute moldaketa, eta Ministroen Kontseiluak onartuko du bihar bertan. Ondoren, Kongresuko taldeen oniritzia jaso beharko du erreformak.
"Atzo botere judizialak hitz egin zuen; gaur eta bihar, politikoak egingo du", adierazi du irmo. Sanchezen ahotan, Moncloak epaileen "egitekoa eta independentzia" errespetatzen du, baina Gorenak zuzenketa horrekin sortutako giroa deitoratu du, ez baita "positiboa" ez bankuentzat, ez epaileentzat, ezta herritarrentzat ere.
Zerga hori behin betiko kentzeko aukeraz galdetuta, Sanchezek erantzun du bere asmoa bankuek ordaintzea dela, ez zerga ezabatzea. "Guk uste dugu ona dela autonomia erkidegoek diru sarrera hori edukitzea", erantsi du.
Era berean, Gobernuak finantza bezeroak babesteko erakunde independente bat sortuko duela iragarri du. Nabarmendu duenez, helburua "herritar guztion segurtasun juridikoa bermatzea eta bezeroak balizko gehiegikeriez babestea da".
Gogoeta eskatu dio Gorenari
Sanchezen hitzetan, gertatutakoaren ostean, Auzitegi Gorenak "autokritika" egin beharko luke.
Espainiako presidenteak esan du ez duela uste auzi horrek guztiak Auzitegiaren "sinesgarritasunari kalte" egingo dionik: "Batak eta besteak ez dute zerikusirik", erantsi du.