Politika -
Europako Auzitegiaren epaia
Bateragune auzian zigortutakoek ez zuten epaiketa justua izan, Estrasburgoren arabera
Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epailearen kontra aurkeztutako errekusazio helegitea kontuan ez hartzeagatik zigortu du Auzitegiak Espainia.
EITB.EUS
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi duenez, Bateragune auziko zigortutakoek ez zuten epaiketa justu eta inpartziala izan. Astearte honetan kaleratu du epaia Estrasburgoko Auzitegiak, ezker abertzaleko bost buruzagiek aurkeztutako babes helegitea tramitera onartu eta hiru urtera. Ezker abertzaleko buruzagiei arrazoia eman badie ere, Auzitegiak ez du kalte-ordainik onartu (Rafa Diezen defentsak 40.000 euro eskatu zituen; gainerakoek ez).
Zehatz esanda, Auzitegiak uste du kasu honetan Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 6.1 artikulua urratu zela. Horren arabera, pertsona orok du epaimahai inpartzial eta independente batek epaitua izateko eskubidea. Hala, aho batez, Espainia zigortu du Bateragune auziko zigortutakoek (Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto) Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epailearen kontra aurkeztutako errekusazio helegitea ez kontuan hartzeagatik.
Murilloren partzialtasuna argudiatzeko emandako arrazoiak ontzat jo ditu Auzitegiak. Bost zigortutakoen defentsak azaldu zuenez, Jose Mari Sagardui Gatza ETAko presoaren omenaldi baten harira Otegiren kontra egindako epaiketan (2010ko martxoan egindakoa) terrorismoa gaitzesten ote zuen galdetu zion epaileak. Otegik ez zuen galdera erantzun nahi izan, eta Murillok honakoa bota zuen: "Banekien ba nik ez zenidala erantzun behar".
Estrasburgoren iritzian, "bost salatzaileen errezeloak (Murillorekiko) objektiboki justifikatuta zeuden". Izan ere, gogorarazi duenez, Auzitegi Gorenak 2011ko otsailean Sagarduiren omenaldiko epaiketa errepikatzea agindu zuen, Murillo epaimahaiburuari inpartzialtasun falta atzemanda. Bateragune auziko epaiketan (2011ko ekainean) Murillo izan zen epaimahaiburu, eta auzipetuen defentsak errekusazioa eskatu bazuen ere, ez zieten onartu. Erabaki hori gaitzetsi du, horrenbestez, Estrasburgok.
Bideoa: Angela Murillo epailearen jarrera hau partzialtzat jo du Estrasburgok
Murilloren errekusazioaz gain, Auzitegi Konstituzionaleko bi epaileren kontrako helegiteak aurkeztu zituzten Bateragune auziko defentsek. Kasu honetan, baina, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez die arrazoia eman. Francisco Perez de los Cobos eta Antonio Narvaez epaileak errekusatzea eskatu zuten abokatuek: lehenengoa PPko militantea zelako; bigarena, berriz, Batasuneko ilegalizazioa bultzatu zuen fiskala izan zelako. Estrasburgok argudiook baztertu ditu, "makurrak" direlakoan.
"Espainia den bezalakoa agertu da: estatu antidemokratikoa", dio Otegik
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Estrasburgoko epaiaren lehen balorazio bat egin du sare sozialen bidez. Horren ustez, epaiaren ondotik "Espainia den bezalakoa agertu da: estatu antidemokratikoa".
Twitterren duen kontuan euskaraz, gazteleraz eta katalanez idatzitako mezu batean esan duenez, "bake estrategia eraikitzeagatik espetxeratu gintuzten. Gaur agerian utzi dute beraien gezurra".
Otegi Bruselan da egunotan, eta eguerdian hedabideen aurrera atera da balorazio sakonago bat egiteko. Nabarmendu duenez, epaiak "gure kontakizuna egia zela frogatu du". Gaitasungabetzeaz galdetuta, hura kentzeko "bidea zabalik" dagoela aitortu du ezker abertzaleko buruzagiak.
Gaitasungabetzeak
Bateragune auzian zigortutakoak espetxetik irten badira ere, Auzitegi Nazionalak erakunde publikoetan lan egiteko eta hautatuak izateko gaitasungabetu zituen. Otegiren kasuan, 2016ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztea eragotzi zion.
Hain justu, epaiak gaitasungabetze horiengan duen eraginaz galdetu diote Jone Goirizelaia Otegiren abokatu eta EH Bilduko legebiltzarkideari. Horren esanetan, ebazpena "sakon" aztertu nahi dute, eta ondoren erabakiko dute zer egin. "Irakurketa azkar bat baino ez dugu egin, goizegi da ezer esateko", erantsi du.
Goirizelaiaren iritzian, Estrasburgoren epaiak frogatu du Espainian "inpartzialak ez diren epaileak" badirela, "justizia politizatu eta instrumentalizatzen" dutela.
Nabarmendu duenez, "pozik gaude, epaiketa justua izan ez zela esatean arrazoia genuela onartu duelako epaiak. Egindako kaltea nolabait ordaindu dute, espetxean emandako denbora erreparatu ez badute ere".
Bide judizial luzea
Auzitegi Nazionalak 10 urteko kartzela zigorra ezarri zien Otegiri eta Diezi 2011. urtean, ETAko kideak izatea eta Batasuna berriz osatzen saiatzea egotzita. Epaimahaiaren iritziz, "beso politiko" gisa jardungo zuen organo bat eraikitzeko agindua eman zien ETAk biei.
Halaber, Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Aretokoak 8 urteko zigorra jarri zien Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacintori. Bestalde, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra absolbitu egin zituen, Fiskaltzak epaiketan horien kontrako akusazioak erretiratu ostean.
Zigorraren ondoren, Auzitegi Gorenean eta Auzitegi Konstituzionalean helegiteak aurkeztu zituzten. Estatu espainiarreko auzibidea agortutakoan, Estrasburgora jo zuten eta 2015ean helegitea tramitera onartu zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak.