Politika -

De Miguel auzia

De Miguelek legez kanpoko komisioak jaso zituela aitortu du inputatu batek

Lehen aldia izan da De Miguel auziko inputatu batek aitortu duena komisioak kobratu zirela.

De Miguel makroepaiketan, Zanbranako auziari heldu diote gaur

1:16

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo de Miguel Arabako EAJko ‘bigarren’ ohiak legez kanpoko komisioak kobratu zituen Construcciones Riera talde kataluniarraren partetik, Zanbranan (Araba) industriagune bat eraiki ahal izateko kudeaketak egitearen truke.

Hala baieztatu du gaur, Arabako Lurralde Auzitegian egindako epaiketan, Josu Arruti Letemendiak, Sidepur merkataritza sozietateko administratzaile bakarrak. De Miguel auziko ustezko sare ustelean nahasitako enpresetako bat da hori.

De Miguel auzia Euskadin ikertutako ustelkeria auzi handiena da. Bertan, 26 pertsona daude inputatuta, tartean Arabako EAJko buruzagi ohiak.

Epaiketaren gaurko saioan, industriagune bat eraikitzeko Zanbrana herriko lursail batzuetan egindako birkalifikazioa hartu dute hizpide.

Fiskaltzaren arabera, Arruti saiatu zen Riera taldeak inbertsioa egin zezan Zanbranan aipatutako operazioa gauzatu ahal izateko, eta enpresa horrek legez kanpoko komisioak ordaindu zituen.

Gaurkoa lehen aldia izan da auziko inputatuetako batek legez kanpoko komisioak kobratu zirela aitortu duena. Are gehiago, Arrutik baieztatu du Zanbranako Udalak bere enpresa (Sidepur) kontratatu zuela De Miguelekin zuen harremanagatik.

Antza denez, Arrutik akordioa du Fiskaltzarekin, delituak aitortzearen truke zigor eskaera txikiagoa izan dadin.

Fiskalak galdetuta, inputatuak aitortu egin du berak eta De Miguelek 161.000 euroko komisioak eskatu zizkiotela Riera taldeari, eta Franscesc Fernandezek, talde horretako buruetako batek, baiezkoa eman ziela.

Arrutiren esanetan, De Miguelek bientzako komisioak eskatzea proposatu zion, eta berak baietz esan zuen. Horren ildotik, enpresaburua Kataluniara bertaratu zen, Riera taldeko ordezkarietako bati, Francesc Fernandezi (inputatuta dago) eskaera egiteko.

Arrutik aitortu du Bizkaiko Ogasunari ez ziola ordaindu zegokiona, eta bere aitaren kontu korronte bat erabili zuela legez kanpoko komisioak kobratzeko eta emateko.

Maria Justina Angulo (EAJ) Zanbranako alkate ohiak ere deklaratu du gaur, baina bakarrik bere abokatuaren galderei erantzunda. Alkate jeltzale ohiak aitortu du Arabako EAJko zuzendaritzarekin harremanetan jarri zela, industriagune bat eraikitzeko aholkuak eman ziezazkiokeen pertsona baten kontaktua eskatzeko.

Horren esanetan, ABBk De Miguelen izena proposatu zion, eta horrek Josu Arrutiren kontaktua pasatu zion.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Alderdi politikoak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia