Politika -
Katalunia
Junqueras, epaiketari buruz: 'Kartzela izango da haiek hartutako erabakirik txarrena'
Arratsaldean milaka pertsona elkartu dira Lledonerseko kartzelaren aurrean, preso dauden buruzagi independentistei babesa adierazteko ekitaldian.
Agentziak | Erredakzioa
Oriol Junqueras ERCko buruzagiak ostiral honetan azpimarratu duenez, Kataluniako prozesu independentista aurrera eramateagatik auzipetuta dauden buruzagien kontrako epaiketa "zigor bat izango da”. Ildo horretatik, “kartzela haiek hartutako erabakirik txarrena” izango dela ohartarazi du.
“Gatazka honek ez du zerikusirik legediarekin, eta are gutxiago justiziarekin”, esan du milaka pertsonen aurrean Lledonerseko (Bartzelona) kartzelaren aurrean preso dauden buruzagi independentistei babesa adierazteko ekitaldian irakurri duten gutun baten bidez. Izan ere, goizean jakin denez, Fiskaltzak 25 urteko zigorra eskatu du harentzat.
Era berean, buruzagi independentistak kartzelaratzea “beharrezkoa” dela ikusi du, “mundu osoko herritarrek begiak ireki ditzaten eta Espainiar estatua benetan nolakoa den ikusi dezaten”.
“Aurrera egiteko ezinbestekoa da kartzelan egotea. Askatasunaren truke ordaindu beharrekoa da”, nabarmendu du Junquerasek. Dena dela, bere helburuak lortzeko tinko jarraitzen duela eta independentzia lortu arte bide horretatik jarraituko duela ziurtatu du.
Edonola ere, buruzagi independentistak espetxean egon izana “nazioartean legitimitatea eta sinesgarritasuna lortzeko” balio izan duela azpimarratu du. Ildo horretatik, independentzia lortu arte eusteko deia luzatu die herritarrei.
Joaquim Forn
“Elkarrizketa lasaia izateko gai ez den Estatu baten jarrera nazioartean salatzeko beste aukera bat izango da epaiketa”, esan du Joaquim Forn Kataluniako Gobernuko kontseilari ohiaren alabak, haren izenean irakurri duen gutun batean.
“Burua makurtu gabe joango gara epaiketara; gure ondoan herri oso bat dagoela jakitun izanda”, gaineratu du Fornek. Era berean, duela urtebete espetxean sartu zenetik jasotako babesa eskertu du.
Gainerako presoak
Halaber, Jordi Turull kontseilari ohiaren emazteak, Kataluniako independentziaren alde dauden preso guztiek sinatutako beste gutun bat irakurri du arratsaldean, Lledonerseko kartzelaren atarian egin duten ekitaldian. “Herri oso baten borondate demokratikoa espetxeratzea ezinezkoa da”, esan dute preso dauden buruzagiek. Halaber, urtebete preso igaro badute ere, haien pentsaera indartzea besterik ez dutela lortu esan dute.
“Espetxeak ez gaitu kikildu, itxaropena beldurra baino indartsuagoa delako beti, eraikitzea suntsitzea baino eraginkorragoa delako, askatasunari ez diogulako inoiz uko egingo”, esan dute”.
Hala, erabakitzeko eskubidearen alde protesta egiteari uzteko asmoz epaitu nahi izango dituztela ohartarazi diete herritarrei: “Gure asmoak bertan behera uzteko asmoz epaituko gaituzte, eskarmentua hartzeko”. Arrazoi horregatik, independentziaren alde borrokan jarraitzeko eskatu diete herritarrei.
Bestalde, Aamer Anwar Clara Ponsati kontseilari ohiaren abokatuak esanetan, Estatuko Abokatutzak egindako zigor eskaerekin Espainiak argi utzi du “Francoren pentsaerarekin” erabakiak hartzen jarraitzen duela.