Politika -

Igandeko deialdia

Azken egunetako gertakariak 'muntaiaren' isla direla esan dute Altsasukoen gurasoek

Altsasuko auziari buruzko hausnarketa egiteko jardunaldiak izango dira azaroaren 16an eta 17an Iruñean. Adur Ramirez de Alda eta Iñaki Abad Zaballako kartzelara eraman dituzte.

Bel Pozueta, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE
Bel Pozueta, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE
Bel Pozueta, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016an Altsasun bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egiteagatik atxilotutako zortzi gazteen gurasoek baieztatu dutenez, azken egunetako gertakariek argi erakutsi dute auzi guztia "muntaia" izan dela, eta askok "interesak" dituztela horretan.

2 eta 9 urte bitarteko kartzela-zigorrak bete beharko dituzten gazte horien gurasoak batzen ditu Altsasu Gurasoak taldeak. Hain zuzen ere, talde horretako ordezkariak izan dira igandean Nafarroako aipatu udalerrian egingo duten ekitaldiaz mintzatu direnak. Prentsaurrekoan, argi utzi dute auzi horretan "interes zehatz batzuk" daudela.

"Muntaia politiko eta juridikoa da. Eta muntaia da, baten batek interesak dituelako", esan du Bel Pozuetak talde horren izenean. Halaber, zehaztu du iganderako España Ciudadanak deitutako ekitaldia muntaia horren "adierazpen bat gehiago" dela.

Horregatik, azken urteotan Altsasu "duintasun eta justizia ikur bilakatu dela", eta "herriaren ahotsa beti zentzuzkoa izan dela" nabarmendu du.

Kasu honetan, istiluak saiheste aldera, herritarrek ekitaldi horri erantzun "herritarra, bateratua, zabala eta duina" emango diotela adierazi du Pozuetak, eta gaineratu du Altsasu Gurasoakek garbi daukala bere ildoa, alegia, "justizia bilatzea eta askatasuna eskatzea". "Gauzak horrela, ez dut inolako gatazkarik espero", azpimarratu du.

"Orain arte, une kritikoetan, Euskal Herriak eta Altsasuko herriak zentzuz jokatu dute, eta zuhurtasun horretaz fidatzen gara", esan du. "Esperientziak erakutsi digu momentu kritikoek batu eta indartu egin gaituztela", bukatu du.

Hausnarketarako jardunaldiak

Bestalde, Altsasuko auziari buruzko hausnarketa egiteko jardunaldiak izango dira azaroaren 16an eta 17an Iruñean. Legelariak, kazetariak, eragile sozialetako kideak, Europako erakundeetako ordezkariak eta gazteak bilduko dira bertan.

Gaztelu plazan informazio gunea egongo da eta kartzelako ziega bat irudikatuko dute. Txandaka, 24 pertsona igaroko dira handik, gazte altsasuarrek espetxean 24 hilabete daramatzatela gogoratzeko. Bideoak emitituko dituzte eta kontzertu bat izango da.

Katakrak liburu-dendan, berriz, hausnarketarako eta eztabairako bost foro izango dira. Altsasuko auzian izandako irregulartasun juridikoak, komunikabideen papera edo gizarteak eman duen erantzun aztertuko dituzte, besteak beste.

Ekimena Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformak antolatu dute.

Horrez gain, Adur Ramirez de Alda eta Iñaki Abad Zaballako kartzelara eraman dituztela baieztatu dute gaur haien senideek. Gainerako bost auzipetuak irailetik daude han.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñeko argazkiak Nafarroa Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Altsasu Vox Gazteak albisteak Amak albisteak