Politika -
Joseba Egibar
Egibar: 'EH Bilduk EAJrekin akordio ekonomikoa adosteko beldur eszenikoa du'
Bozeramiale jeltzaleak azaldu duenez, Elkarrekin Podemosek eragindako presioan oinarritzen da beldur hori, alderdi biak "tarte sozial bera lortzeko lehian ari baitira".
Radio Euskadi | eitb.eus
"EH Bilduk EAJrekin akordio soziala eta ekonomikoa adosteko beldur politikoa sentitzen duela" esan du Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko bozeramaile jeltzaleak, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egindako elkarrizketan; Egibarrek azaldu duenez, Elkarrekin Podemosek eragindako presioan oinarritzen da beldur hori, alderdi biak "tarte sozial bera lortzeko lehian ari baitira".
Aurrekontuak negoziatzeko koalizio independentistaren hurbilketa izan dela onartu du Egibarrek: "zintzotasunez etorri da EH bildu aurrekontuak negoziatzera, baina bere baitan bi joera daude: akordioa lortu gura dutenak, eta EAJrekin, oraingoz, horrenbeste egin behar ez dela uste dutenak". Hala ere, "negoziazioa irekita dagoela eta pausuak eman beharko direla" esan du, "prozesuaren hastapenean baikaude eta hilabete izango dugu". Bestalde, "EH Bildurekin diru-sarrerak bermatzeko errentaren inguruko akordioa lortzea nahiko genuke, aurrekontuen gain eragina izango duelako", adierazi du.
Hauteskundeen harira, "egungo erabaki politikoek etorkizuneko egoera prestatzen dutela" esan du Egibarrek. "Politikan egiten diren inbertsioak dira, eta EH Bilduk noizbait gobernatu nahi badu, gurekin egin beharko du", ohartarazi die jeltzaleak. "EH Bilduk Elkarrekin Podemosekin batzeko eta korronte ezkertiarra sortzeko aukera baztertu duela" esan du Egibarrek.
Manifestu federalistaren inguruan Egibarrek azaldu duenez, "Gernikako Estatutua aurkeztuko bagenu ere, aurkeztutako moduan ez zela irtengo" esan du "mutilatuko baitzuten". Ildo horretan, "herri honek eta erakundeek testu berri bat onartzen badute, eta oinarri horiek benetan demokratikoki finkatuak egoteaz gain herri-babesa baldin badaukate, hori izan behar du gure legea eta hori da negoziatu behar duguna", esan du.
Quim Torra Kataluniako presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak Gasteizen, azaroaren 14an, egingo duten bileraren harira, "euskaldun bezala eta euskaldunon izenean lehendakariak harreman hori mantentzea beharrezkoa dela" esan du; lehenik, "berain kausa gurea delako", eta bigarrenik, "hainbat buruzagi espetxean dauden neurrian", beharrezkotzat jo du "solidaritatea azaltzea Quim Torraren eskutik, gizatasunez jokatzea eta politikoki koherentea izatea baita", gaineratu du.