Politika -
'Utzi Altsasu bakean'
Altsasuko herritarrek manifestazioa deitu dute larunbaterako
Ciudadanosek herrian egingo duen ekitaldia probokaziotzat jota, larunbatean manifestazioa egingo dute eta igandean 'Askatasun eta Eskubideen Gunea' antolatuko dute.
EITB.EUS
Altasasuko herritarrek batzarra egin dute arratsalde honetan Iortia kultur etxean, Ciudadanosek datorren igandean udalerrian antolatu duten ekitaldiak sortu duen kezka dela eta.
Albert Riveraren alderdiaren ekimena –Vox eta Alderdi Popularra ere bertan izango dira- probokaziotzat jotzen dute: "Gure herriaren kontrako beste eraso bat da", salatu dute. Konstituzioa eta Guardia Zibila goraipatzeko Altsasu herri "aproposa" dela esan zuen Riverak.
Bilera amaituta, Altsasuko herri-batzarrak agerraldia egin du kultur etxean, eta larunbatean manifestazioa egingo dutela iragarri dute. Mobilizazioa 17:30an abiatuko da, 'Utzi Altsasu bakean' lelopean.
Erantzun "herritarra, bateratua, sendoa, zabala, duina eta bilatzen duten enfrentamendurik gabea" izango dela azpimarratu dute.
"Nazkatuta gaude gezurrak, irainak eta probokazioak jasateaz", esan dute bizilagunek.
"Hau beste eraso bat da, ezkutuko interesek eta kutsu faxista duten jarrerak bultzatutakoa", salatu dute. "Gure herria aitzakia gisa erabiltzen ari dira, eskubide eta askatasun ezaren sinbolo bilakatzeko", erantsi dute.
Larunbateko manifestazioaz gain, igandean, 'Askatasun eta Eskubideen Gunea' antolatuko dute Iortia plazan, 10:00etatik aurrera. "Erasoa salatu eta Altasasuko herriari elkartasuna adierazi nahi duten guztiei" luzatu diete bertara joateko gonbita.
Halaber, Ciudadanosen ekitaldira etorritakoak joaten direnean, "jai-giroa herri guztira" zabalduko dutela zehaztu dute.