Politika -
Erorien Harana
Franco Almudenako kriptan lurperatzea saihestuko dute Espainiako Gobernuak eta Elizak
Ildo horretan, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak gogorarazi du Estatuaren betebeharra dela "diktadorea inon ez goratzea".
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernua eta Eliza elkarlanean arituko dira Francoren gorpuzkiak Almudenako kriptara eraman ez ditzaten. "Adeitsua, baliagarria eta emankorra" izan zen atzo Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak eta Pietro Parolin Vatikanoko Estatu idazkariak izan zuten hitzordua.
"Argi dago ezinezkoa dela Almudenara eramatea. Horregatik, irtenbide bateratu bat bilatzen gabiltza", esan du Calvok Kongresuko korridoreetan.
Halaber, azpimarratu du Carlos Osoro Madrilgo artzapezpiku kardinalaren babesa duela. Hark ere garbi utzi zuen, lehengo batean, ez zaiela ondo iruditzen diktadorearen gorpuzkiak Almudenara eramatea, Francoren familiak horixe nahi badu ere.
Gauzak horrela, gorpuzkiak Erorien Haraneko hobitik ateratzen dituztenean nora eraman erabaki behar dute orain Espainiako Gobernuak eta Elizak.
Ildo horretan, Calvok gogorarazi du Estatuaren betebeharra dela "diktadorea inon ez goratzea". Horregatik, "inolako omenaldirik jaso ezingo duen leku duin batean" lurperatzeko asmoa erakutsi du.
Horrenbestez, Vatikanoko Estatu idazkariarekin izandako bileraren ostean, Espainiako Gobernuak jarrera aldatu du, orain arte Francoren familiak eskatutakoa bete eta Almudenako kriptan lurperatuko zutela baitzioten.