Politika -
Adierazpena
Altsasuko herriak bizi duen 'manipulazioa' salatu du Nafarroako Parlamentuak
Modu horretan, "beharrezkoa ez den ernegazio eta tentsio egoera sortu nahi duten jarreren eta ekintzen" kontra azaldu da.
AGENTZIAK
Altsasuko herriak bizi duen "manipulazioa" salatzea eta hango bizilagunei babesa eskaintzea helburu duen adierazpen instituzionala onartu du gaur Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak.
Laukoak aurkeztutako adierazpena aho batez onetsi dute, Nafarroako udalerri guztietan bakearen eta elkarbizitzaren aldeko konpromisoa ardatz hartuta, eta horren mesederako lan egingo dutela nabarmenduta.
Bigarren puntu batean, hainbat alderdi politikok eta komunikabidek Altsasuko herriarekin egindako "manipulazioari" erabateko gaitzespena agertu diote. UPN eta PP alderdiek ez dute puntu hori babestu, eta PSN abstenitu egin da bozketan.
Ildo horretan, "beharrezkoa ez den ernegazio eta tentsio egoera sortu nahi duten jarreren eta ekintzen" kontra azaldu dira.
Gainera, aldeko boto berberekin onartutako hirugarren puntu batean, babesa eskaini diete Altsasuko herritarrei, urteen joan-etorrian elkarbizitzaren, normalizazioaren, justiziaren eta proportzionaltasunaren aldeko "gizalegezko jokabidea"erakutsi dutela azpimarratuta.
Altsasuko ekitaldian "deseroso" egongo dela ohartarazi dio Riverak Vox alderdiari
Albert Rivera Ciudadanos alderdiko presidenteak mezu zuzena bidali dio astelehen honetan Vox alderdiari. Hain zuzen ere, esan dio Ciudadanosek iganderako Altsasun deitutako ekitaldian "deseroso" egongo dela, balore europazaleak defendatuko dituztelako, eta, besteak beste, Manuel Vallsen diskurtsoari garrantzia emango diotelako.
"Europari alergia diotenak ez dira ekitaldian gustura sentituko. Izan ere, "diskurtso espainiarra eta europarra izango dugu, betiere, Manuel Vallsek Espainaren eta Europaren alde egin duena errespetatuta", adierazi du Riverak Ciudadanosen egoitzan.