Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Eskoletako jantokien auzian ardurarik ez dutela esan dute Hezkuntzako sailburu ohiek
Cristina Uriarte, Isabel Celaa, Tontxu Campos eta Anjeles Iztueta izan dira Legebiltzarreko ikerketa batzordean, ikastetxeetako jantokien auziari buruzko azalpenak ematen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta 2003tik kargu horretan izan diren arduradun ohiek azpimarratu dute ez dutela inolako erantzukizun politikorik eskola jantokietan zerbitzua ematen zuten enpresei lotutako auzian.
Lehiaren Euskal Agintaritzaren arabera, 2003tik 2015era bitartean ikastetxeetako jantokietan zerbitzua ematen zuten hainbat enpresek prezioak adostu zituzten eta horrek zerbitzua garestitzea ekarri zuen.
Horrenbestez, 2016an, 18 milioi euroko isuna ezarri zien Lehiaren Euskal Agintaritzak zazpi konpainiari. Enpresa horietako batzuek helegitea aurkeztu zuten, eta 2017an, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak zigorra % 60an murriztu zuen, prezioak hitzartzeko Eusko Jaurlaritzaren “erreakzio, ikerketa edo prebentzio falta” ezinbestekoa izan zela iritzita.
Gauzak horrela, Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat jarri zuten abian, Eusko Jaurlaritzak auzi honetan inolako ardura politikorik duen ala ez argitzeko.
Horrela bada, Cristina Uriarte, Isabel Celaa, Tontxu Campos eta Anjeles Iztueta izan dira gaur ikerketa batzordean, eta guztiek ukatu dute auzi horretan erantzukizunik izatea.
Cristina Uriartek azaldu duenez, iaz 508 ikastetxe publikotako jantokietan egin zituzten auditoriak, kontrol horiek aurre-abisurik gabe egiten dira eta zerbitzuaren kalitatea bermatzea dute helburu.
Kontrol sistema berri horrek "Lehiaren Euskal Agintaritzaren babesa" daukala eta kontratazio publikoko "baldintza guztiak" bete dituztela erantsi du.
Isabel Celaak (2009-2012) nabarmendu du enpresen arteko itun hori ez zuela inork antzeman, "ez Jaurlaritzak, ezta oposizioak edo iritzi publikoak ere".
Eskoletako jantokien kudeaketarako araudia 2000. urtean onartu zela gogoratu du eta orduz geroztik gobernu guztiek kontratazio publikoak egiteko printzipioak bete dituztela adierazi du. "Hala erakusten dute teknikoek eta ikuskariek egindako txostenek", gaineratu du.
"Ezin dugu iragana egungo informazioarekin epaitu. Inork ez zigun ohartarazi merkatua banatzen ari zirela eta inork ez zuen ezer susmatu. Gardentasunez aritu ginen beti", amaitu du.
Tontxu Camposek (2005-2009) gehiegikeriatzat jo du eskoletako jantokietan zerbitzua ematen zuten enpresek egindako iruzurraren auzian "ardura politikoak" eskatu nahi izatea.
Hezkuntza sailburu zenean, "borondate onenarekin" jardun zutela azpimarratu du. "Enpresa batzuk Eusko Jaurlaritza engainatzeko batu ziren, baina Jaurlaritzatik ez ginen ezertaz jabetu", azaldu du.
"Eskura genuena informazioa aintzat hartuta, ahalik eta ondoen aritu ginen. Ez geneukan inolako susmorik, ezta zantzurik ere, asmo maltzurrik edo iruzurrik egon zitekeela pentsatzeko", erantsi du.
Anjeles Iztueta (2001-2005) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohiaren esanetan, eskola jantokietako zerbitzua araudia "errespetatuz" esleitu zen.
2001 eta 2005 bitartean Hezkuntza sailburu izan zenak azpimarratu duenez, "kontzientzia lasai" dauka, eta kontratu publikoen esleipenari buruzko azken hitza Kontratazio Batzordeak eta Batzorde Juridikoak zuten. Lehenengoa Ogasun Sailaren menpekoa zen, eta bigarrena, ostera, Lehendakariordetzaren baitan zegoen.