Politika -

SOZIOMETROA

EAJk irabaziko lituzke foru hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

EH Bilduk, ostera, bigarren postua sendotuko luke, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroaren arabera. Elkarrekin Podemosek botoetan behera egingo luke, baina hirugarren postuari eutsiko lioke.

Ramiro González, Markel Olano eta Unai Rementeria. Artxiboko argazkia: EFE
Ramiro González, Markel Olano eta Unai Rementeria
EAJ nagusituko litzateke 3 lurraldeetan, Soziometroaren arabera

2:31

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019an egitekoak diren udal eta foru hauteskundeak orain egingo balira EAJk irabaziko lituzke ia erakunde guztietan, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroaren arabera. EH Bilduk bigarren postua sendotuko luke eta Elkarrekin Podemosek botoetan nabarmen behera egingo luke hiru Batzar Nagusietan.

Eusko Jaurlaritzak boto asmoari buruz kaleratutako Soziometroaren arabera, EAJ nagusituko litzateke hiru Batzar Nagusietan eta baita Bilboko eta Donostiako Udaletan ere. Bien bitartean, Gasteizko Udalean PP litzateke lehen indarra, zinegotzi kopuruan jeltzaleekin berdinduta.

EAJ litzateke alderdi bozkatuena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, botoen % 37,1 eskuratuta (% 33,3 2015ean). EH Bildu bigarren postuan egonkortuko litzateke botoen % 23,1ekin (% 22,4 2015ean), Elkarrekin Podemosen (%13,1 orain eta % 16,4 2015ean), PSE-EEren (% 12,7 orain eta % 13,6 2015ean) eta PPren aurretik (% 8,7 orain eta % 9,3 2015ean). Ciudadanos alderdiak duela lau urteko emaitzak errepikatuko lituzke: % 2,2 orain eta % 2,1, ostera, 2015ean.

Araban EAJ gailenduko litzateke, botoen % 25,9 lortuta eta boto-asmoan 4,3 puntu gora eginda. EH Bildu litzateke bigarren indarra % 21,9ko babesarekin (puntu eta erdiko igoera) eta PPk, berriz, 2,7 puntu egingo luke behera 19,2raino. Elkarrekin Podemosek 4,4 puntu behera egingo luke, eta botoen % 13,8 erdietsiko luke. PSE-EEk zati hamarren egingo luke gora, botoen % 11,9 lortu arte. Azkenik, Ciudadanos bere horretan mantenduko litzateke boto asmoaren % 3,1 lortzeko.

Bizkaian lidergoari eutsi ez ezik lehen postua indartuko luke EAJk: % 41,5 orain eta % 37,6 2015ean. EH Bilduk igoera txiki bat (% 0,7) izango luke eta botoen % 19,6 bereganatuko luke. Elkarrekin Podemosek behera egingo luke Bizkaian ere (% 13,4 orain eta % 17,14 2015ean). PSE-EE % 12aren bueltan geldituko litzateke eta PPk pixka bat behera egingo luke (% 7,8 orain eta % 8,2 2015ean). Ciudadanosen egoera ez litzateke aldatuko. Gaur egun, ez dauka ordezkaritzarik Batzar Nagusietan eta oraingoan ere ez luke ordezkaririk aterako.

Beste bi lurraldeetan bezala, EAJ nagusituko litzateke Gipuzkoan eta boto asmoan gora egingo luke (% 31,57tik % 35era). EH Bilduk ere gora egingo luke (% 28,8tik % 29,3ra) eta bigarren izaten jarraituko luke. Araban eta Bizkaian gertatu bezala, Elkarrekin Podemosek boto galera izango luke (%14,41etik %12,4ra). PSE-EEk ere beherantz egingo luke (% 16,5etik % 14,2ra). PP ez gora ez behera geldituko litzateke, botoen % 5,5 lortuta. Ciudadanosek, azkenik, ez luke ordezkaririk lortuko.

Hiriburuei dagokienez, EAJk bere gehiengoa indartuko luke Bilbon eta zinegotzi bat gehiago bereganatuko luke, 13tik 14ra igaroz. Elkarrekin Podemos litzateke bigarrena 4rekin (orain Irabazik eta Udalberrik duten kopuru bera), EH Bilduk bezala (duela bost urte ere lau zinegotzi lortu zituen). Atzetik leudeke PSE-EE lau zinegotzirekin, PP hirurekin (4tik 3ra) eta Ciudadanos. Alderdi laranjak ez luke Udalean sartzea lortuko.

Donostian jeltzaleek 10 zinegotzi izango lituzkete, 2015ean baino bat gehiago. PSE-EE litzateke bigarren alderdi bozkatuena, 6 zinegotzirekin (bat gutxiago), EH Bildurekin zinegotzietan berdinduta. Atzetik Elkarrekin Podemosek zinegotzi bat irabaziko luke (3 guztira) eta PPk bat galduko luke (2 guztira).

Amaitzeko, Gasteizen, "popularrak" gailenduko lirateke, baina botoetan eta zinegotzi kopuruan galduta (bederatzitik zazpira). Alkatetzan dagoen EAJk ere zazpi zinegotzi izango lituzke (botoen % 21,8, 2015ean baino % 4,1). EH Bildu mantendu egingo litzateke, bai boto asmoan eta baita zinegotzi kopuruan ere (6 zinegotzi). Elkarrekin Podemosek zinegotzi bat irabaziko luke (3tik 4ra). Ciudadanosek boto asmoan hobera egingo baluke ere, ez luke Udalean sartzea lortuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Eneko Goia bideoak Gorka Urtaran, Arabako Foru diputatua Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Alderdi politikoak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE berriak Euskadiko PP Ciudadanos Unai Rementeria albisteak Markel Olano Ramiro Gonzalez Juan Maria Aburto Albisteak Gaur Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Hauteskundeak Arabako Foru Aldundia Udal eta foru hauteskundeak 2023 Bizkaiko Foru Aldundia albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak