Politika -
'Black' txartelen auzia
Ratok barkamena eskatu du, eta egindako akatsak onartu ditu, espetxera sartu aurretik
Madrilgo Soto del Real kartzelan sartu dute ostegun honetan Rato, lau urte eta erdiko zigorra bete dezan. Caja Madrideko 'black' txartel ezkutuen auziagatik zigortu zuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Rodrigo Rato Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak barkamena eskatu du gaur, publikoki, Madrilgo Soto del Real espetxean sartu orduko. Bertan, lau urte eta erdiko zigorra bete beharko du, Caja Madrideko black txartel ezkutuen auziagatik.
Rodrigo Rato, espetxean sartzen. Argazkia: EFE
"Gizarte osoari eta kaltetuak izan diren edo desengainua hartu duten lagunei barkamena eskatu nahi diet", ziurtatu du Ratok, Caja Madriden eta Bankian egindako gestioen harira. Gainera, dagozkion betebeharrak onartzen dituela azaldu du, duela hiru aste Auzitegi Gorenak berretsitako zigorrari buruz.
"Egindako akatsak nire gain hartzen ditut", gaineratu du Ratok. Gainera, eskerrak eman dizkie senitartekoei eta lagunei, azken asteotan jaso duen babesagatik.
Ratok berak zigorra kentzeko eskatu zion Auzitegi Nazionalari, baina azken horrek ez zion jaramonik egin, "Auzitegi Konstituzionala delako espetxeratzeko edo aske uzteko erabakia hartu behar duena".
Ministro ohiak Madrilgo aipatu kartzela aukeratu du txartel ezkutuen bidegabeko jabetzagatik ezarritako zigorra betetzeko, Auzitegi Nazionaletik hurbil dagoelako. Izan ere, azaroaren 26an Bankiako auzipetuen aurkako epaiketa abiatuko dute, eta Ratok joan-etorriak egin beharko ditu bertara.
1995ean eraiki zuten Soto del Realeko espetxea. Madrilgo kartzela handiena da: 1.008 ziega ditu eta 174 zelda osagarri.