Politika -
ELKARRIZKETA
Lopez Basaguren: 'Estatutuaren erreforma mahai gainean jartzea denbora galtze bat da'
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, beren asmoa eztabaidak, konferentziak eta abar proposatzea da 'euskal gizartean itxuraz arraroa den federalismoaren ideia barneratzeko'.
RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA
180 pertsona ospetsu baino gehiagok sinatu dute federalismo asimetrikoaren aldeko manifestua, tartean, Maixabel Lasak, Bernardo Atxagak, Joseba Arregik, Raul Arzak edota Ramon Saizarbitoriak. Alberto Lopez Basaguren Zuzenbide Konstituzional katedraduna da bultzatzaileetako bat, eta manifestu federalistaren gako nagusiak azaldu ditu, gaur, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan eta Euskadi Irratiko "Faktoria" saioetan egin dizkioten elkarrizketatan.
Lopez Basagurenen hitzetan, alderdi politikoei baino euskal gizarteari zuzendutako manifestua da. Gaineratu duenez, autogobernu sistema egonkortzeko eta egonkortasun politikoa bermatzeko nola planteatu behar diren erakutsi nahi du.
"Gure asmoa eztabaidak, konferentziak planteatzea da itxuraz euskal gizartearen arraroa den federalismoaren ideia sartzeko", azaldu du.
Manifestuak harrera "harrigarria" izan duela onartu du, bai kuantitatiboki eta baita kualitatiboki ere.
"Ditugun arazoei konponbidea jartzeko gure sistemak behar duen erreforma federalismoa da", nabarmendu du. Ildo horretan, beste herrialdeen berri izatea lagungarria dela uste du, "hobetzeko eta gure arazoak konpontzeko".
"Arazoak baldin baditugu eta horietako batzuek autogobernu sistemaren oinarrizko elementuak aldatzea eskatzen badute, ez dago Konstituzioaren erreforma egitea beste aukerarik. Osterantzean, Lopez Basagurenen esanetan, ez du aurrerabiderik izango aurrez Ibarretxe Planarekin edo Kataluniako prozesu subiranistarekin gertatu bezala.
"Estatutuaren erreforma mahai gainean jartzea denbora galtze bat da, engainu bat eta alferrikako indar galtze bat", gaineratu du.
Sinatzaileek ez dute beren burua ikusten EAEn abian den estatutuaren erreforma prozesuko aktore gisa. "Konstituzioaren erreforma zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta gehiago luzatuko da egingarria den aukera posible bakarra gauzatzea".
Alberto Lopez Basagurenen arabera, egonkortasun politikoa ez da duela 40 urteko Konstituzioari gogor eutsi nahitik etorriko, egokitzetik eta arazoei aurre eginez baizik.
Radio Euskaditik igaro ostean, Euskadi Irratiko mikrofonoetan izan da.
Jatorriko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du