Politika -

Manifestua

Ia 200 pertsona ospetsu, federalismo asimetrikoaren alde

Espainian sistema federal asimetriko bat sortzeko Konstituzioa erreformatzea eskatu dute manifestu batean. Konstituzioaren erreforma Estatutua aldatu baino lehen egin beharko litzatekeela uste dute.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainian sistema federal asimetriko bat sortzeko, Konstituzioa erreformatzea eskatzeko manifestu bat sinatu dute ia 200 pertsona ospetsuk. Besteak beste, Alberto Lopez Basaguren Zuzenbide Konstituzional katedradunak bultzatu du. Basaguren Estatutua erreformatzeko “aditu” bezala izendatu zuen PSE-EEk.

Gaur Bilbon iragarri dutenez, Adela Asua Auzitegi Konstituzionaleko presidenteorde ohiak, Eneko Landaburu EBko goi-kargudunak, Bernardo Atxaga eta Ramon Saizarbitoria idazleek eta ezkerreko alderdi zein sindikatuetako buruzagi ohiek, besteak beste, Andoni Perez de Ayala (EB-IU), Javier Markiegi (Euskadiko Ezkerra), Javier Olaverri (EE), Carlos Trevilla (UGT), Josu Onaindi (CCOO) eta Santiago Bengoak (CCOO) sinatu dute dokumentua.

Joseba Arregi EAJko kide ohiak eta Asun Merinero Podemosen Bizkaiko batzarkideak ere ekimena babestu dute. Era berean, Manuel Montero, Pedro Luis Arias, Felipe Juaristi, Francisco Llera, Javier Corcuera, Santos Zunzunegui, Antonio Rivera eta Jose Luis de la Granja unibertsitateko ordezkariek bat egin dute.

Manifestuaren arabera, lurralde autogobernu “zabal eta sakon” bat beharrezkoa da, “elkarrenganako leialtasunean oinarrituta”. Erkidegoen Espainia sistema federalekin parekagarria dela uste du dokumentuak, baina erreforma bat behar du 1978az geroztik denbora pasa delako eta Konstituzioak “osagai bitxiak” dituelako, esaterako, eskumen banaketa zalantzagarria  eta “oinarrizko” eskuduntzak Estatuarentzat gordetzea.

"Egitura federala euskal gizartea biltzeko esparrurik egokiena da"

Konstituzioaren erreforma horretan “berezitasunak aitortzea saihestezina da: asimetriak”, dio testuak. Sistema federal bat ez da “berdintasun” sinonimoa, baina berezitasunek “oinarri sendoa” izan behar dute, “multzoaren koherentziari eta ekitateari” eragin barik.

Konstituzioaren erreforma Estatutua aldatu baino lehen egin beharko litzatekeela uste dute sinatzaileek, Estatutuaren aldaketa baten bidez erreforma federalista bat egin nahi izateak “ibilbide laburra” izango duelako, eta “euskal gizartean frustrazioa” sortuko luke.

“Egitura federala euskal gizartea biltzeko esparrurik egokiena da, gure aberria bata ala bestea izan”, azaldu dute manifestuan. Inkesta guztietan babesik handiena duen proposamena dela erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Eguneko albisteak Albisteak