Politika -
ESTATUKO AURREKONTUAK
EAJk ez ditu Sanchezen Aurrekontuak negoziatuko, PPrekin adostutakoa betetzen ez bada
EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak baieztatu duenez, aste honetan bertan Aurrekontuen inguruko lehen bilera izango du Sanchezen gobernuarekin. Ez du xehetasun gehiago eman nahi izan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk ez ditu 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak Pedro Sanchezen gobernuarekin negoziatuko, 2018ko kontuetan 'popularrek' jeltzaleekin hartutako konpromisoak betetzen ez baditu.
Kongresuko Bozeramaileen Batzordearen bilerara sartu aurretik Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak kazetarien aurrean baieztatu duenez, aste honetan bertan 2019ko aurrekontu proiektuaren inguruko lehen bilera egingo du Sanchezen gobernuarekin. Dena den, ez du batzar horri buruzko xehetasun gehiago eman nahi izan, diskrezioa argudiatuta.
"Orain arte ez da bilerarik izan. Aste honetan hasiko dira... Lehenik eta behin, Gobernuak iaz hartutako konpromisoak errespetatzeko prest dagoen ikusi behar dugu", azpimarratu du.
Iazko Estatuko Aurrekontu Orokorrek, besteak beste, 2018an pentsioak % 1,6 igoko zirela eta 2019an KPIaren arabera handituko zirela jaso zuten. Gainera, jasangarritasun faktorea indarrean jartzeko data 2023ra atzeratu zuten; izan ere, 2019rako zegoen aurreikusita. Bukatzeko, alarguntza-pentsioak arautzeko oinarria 2018an % 56ra eta 2019an % 60ra igotzea erabaki zuten. Aitzitik, gaur egungo testuak % 54ko igoera jasotzen du.
Bestalde, PPk 2018an onartutako Aurrekontuek Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura 26,6 milioi eta Biscay Marine Energy Platformera 5,5 milioi bideratzea aurreikusi zuten.
Amaitzeko, Estebanek Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak duten harremanari buruz hitz egin du, baita Estatutua Garatzeko konpromisoaz ere. Estebanek horren harian esan du "Estatuaren aldaketaz" hausnartu behar dutela, halakorik egin ezean ez dituztelako 2019rako Aurrekontuak negoziatuko. "Horixe da Gobernuari jakinarazi dioguna", nabarmendu du.