Politika -
Euskal presoak
Estrasburgok arrazoia eman dio Espainiari zigor metaketen auzian
Auzitegiak uste du, ordea, ETAko hiru presoei bidezko prozedura judiziala ukatu zitzaiela, eta horrenbestez, 4.000 euroko kalte-ordaina aitortu die.
EITB.EUS
ETAko presoei zigorrak pilatzeari buruzko epaia kaleratu du gaur Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta Espainiari arrazoia eman dio, Frantzian betetako zigorrak ez konputatzeko erabakiaren inguruan. Epaiak hiru presok aurkeztutako helegiteari erantzuten dio, baina gauza bera eskatzen duten beste 20 bat presori eragiten dio.
Zehazki, Santiago Arrospide Sarasola Santi Potros-ek, Francisco Mujika Garmendia Pakito-k eta Alberto Plazaolak jarritako errekurtsoa da Auzitegiak mahai gainean eduki duena.
Auzitegiaren iritzian, Espainiak ez ditu urratu Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 5.1 artikulua (askatasunerako eskubideari eta legearen kontrako atxiloketari buruzkoa) eta 7. artikulua (araudirik gabe zigortua ez izateko eskubidea), eta babestu egin du Espainiak zigorrak ez metatzeko hartutako erabakia, "Del Rio Prada auziarekin alde argia" dagoela argudiatuta ('Parot doktrina'ri dagokiona).
Dena dela, Auzitegiak uste du ETAko hiru presoei bidezko prozedura judiziala ukatu zitzaiela (Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 6.1 artikuluan jasotako eskubidea), eta horrenbestez, 4.000 euroko kalte-ordaina aitortu die. Estatuak 2.000 euro ordaindu beharko dizkio Santiago Arrospideri, eta 1.000na euro Francisco Mujikari eta Alberto Plazaolari.
Estrasburgok nabarmendu duenez, "kausalitate harremana dago eskatzaileei ezarritako zigorren eta espetxealdiaren artean". Izan ere, Gortearen ustez, presoei "zigorrak ezarri zizkietenean eta ondoren eskatzaileek Frantzian betetako zigorrak kontuan hartzea galdegin zutenean, Espainiako Zuzenbideak ez zuen aurreikusten Frantzian bete zituzten urteak aintzat hartu behar zirenik".
Presoen abokatuek ebazpenaren balorazioa egin dute 11:30ean.
Bide judizial luzea
Auziaren oinarrian 2008ko Europako esparru-erabaki bat dago. Europako Batzordeak orduan ebatzi zuenez, delitu batengatik betetako espetxe zigorra, nonahi beteta ere, kontuan izan behar dute estatuek; alegia, zigorrak metatu egiten dira. EBk bi urteko epea (2010era arte) eman zien estatuei esparru-erabakia euren araudietan sartzeko. Espainiak, ordea, 2014an moldatu zuen araudia, Gorenak Urrusolo Sistiaga ETAko presoari arrazoia eman eta kaleratzea aurreratu zuenean.
Dena dela, ñabardura egin zuen Espainiak: "Zigor metaketa ez da kontuan hartuko 2010eko abuztuaren 15a baino lehen —data hori ezarri zuen EBk epemugatzat— ezarritako zigorretan". Hori horrela, ETAko preso gehienek ezin izan zituzten zigorrak pilatu.
Presoen abokatuek helegiteak aurkezteari ekin zioten: aurrena, Auzitegi Nazionalean; gero, Gorenean; eta azkenik, Auzitegi Konstituzionalean. Errekurtsoak ukatu zizkieten kasuetan, Espainiako bide judiziala agortutakoan, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea erabaki zuten.